This post has already been read 135 times!

Udaren etorrerarekin badirudi ahaztu ditugula etxean sartuta igaro ditugun egun, aste eta hilabeteak.

Uda iritsi da, kalera atera gaitezke eta eguraldi ona egiten du. Ze gustura, ezta? Zorionez, badirudi, Covid-19aren indarra pixka bat gutxitu dela eta horrek bizitza “normalago” baterantz garamala, baina, ez ote gabiltza “normalegi” bueltatzen gure egunerokotasunera? Badirudi ahaztu ditugula gertuko iragan horretan bizi izan ditugunak, nahiz eta urte osoa baldintzatu digun zerbait izan den. Eguraldi ona iritsi da, kalera ateratzeko baimen ofizialak ere eta kontziliazio ezintasuna, telelan faltsua eta bestelakoak gogoratzen ez ditugula dirudi.

Udaren etorrerarekin, aldarrikapenak non geratu dira?

Egoera arraro hau hasi zenean sare sozialetan mezu ugari irakurri ahal izan genituen esanez hemendik beste jendarte mota bat aterako zela. Solidariagoa, eskubideen alde borroka egingo zuena, enpatikoagoa, etab. Baina, kalera ateratzen hasi gara eta ahaztu ditugu elkartasuna, galtzen ari garen eskubideen borroka, errespetua -maskarilla izanda, badirudi errespetua izatearena ere ezkutatu egiten dela-.

Telelan faltsua bizi dugu eta bizitzen jarraitzen dugu une hauetan, baina, badirudi kalera atera ahal izateak lasaitu egin gaituela eta onartu dugula. Kontziliazioa lehen ere erreala ez bazen, Covid-19ak bultzatu duen egoerak zaildu egin du egoera. Baina, gai honekin ere badirudi aldarrikapenak sare sozialetan geratu direla, etxean egun osoa pasatzen genuen garai hartakoa -denbora gutxi pasa den arren, aspaldi izan zela dirudi-.

Beraz, ondorioztatu dezakegu ez garela hainbeste aldatu, ezta? Ez garela jendarte enpatikoagoa, solidarioago bat pandemiaren ostean. Ezinbestekoa da sare sozialetatik haratago joatea, injustiziak aldarrikatzea, kontziliazio erreal baten alde egitea (etxean, lantokian, etab.).

Etorkizunean lortuko dugunaren esperantzarekin hartuko ditugu udarako lehen eguzki printzak.

 

 

Udaren etorrerarekin bizi duguna ahaztu dugu?