This post has already been read 52 times!

Ekintzaileentzat umorea ezinbesteko baliabidea da. Ekintzaile ez direnentzat ere, noski, baina, jarraian ulertuko duzu zergatik diogun hori.

 

Umorea. Beharrezkoa da egunerokoan, baita ekintzaileentzat ere. Momentu zailenak ere eramangarri egiten laguntzen digu umoreak. Zorionez, gu biak umoretsuak gara. Askotan esan izan dugu bidean topatzen ditugun zailtasun, bezero zail eta egoerak umorez hartuko ez bagenitu, askoz okerrago pasako genukeela.

Bezeroekin harreman zuzena izaten dugu, bai emailez edota bai ahoz (bilera presentzialetan). Askotan, guk buruan duguna eta eurek dutena oso desberdina izaten da eta norberak duen adierazteko eta ulertzeko moduak ere anitzak dira. Horrek egoera berezi ugari biziarazi dizkigu eta horiek guztiak biltzen saiatzen gara “Perlak” izena jarri diogun dokumentuan. Bezeroen erantzunak izan daitezke, gure hanka sartzeak… umorerako bide emango digun edozein iruzkin, galdera, baieztapen, gaizki ulertu izan daiteke. Noizean behin hauek irakurtzen jartzen garenean barreterapia intentsiboa lantzen dugu eta zoragarria da!

Umorea, zertarako?

Barre egitea baino ekintza sano, indarberritzaile eta pozgarriagorik ba al dago? 😉

Ekintzaileok buruhauste ugari izaten ditugu eta horiek estresera, tristurara, autoestima baju izatera bultza gaitzakete, baina, aldi berean, ezin diegu geure buruei horrela egoten utzi, proiektuak aurrera egin behar baitu. Batzuetan zaila izaten da umoretsu egotea, jasotzen ditugun ezetzak ondo hartzea, jasan behar izaten ditugun jarrera desegokiak onartzea, baina, esperientziagatik diogu… umorez hartuz gero, askoz eramangarriagoak dira egoera negatiboak!

Gure “Perlak” moduko zerrenda bat egiteko gonbita luzatzen dizuegu, egun grisak koloreztatu eta une zailak umorez goxatzeko. Benetan merezi du, guk geuk ondo egotea merezi dugulako eta ilusioz lanean jarraituz gero, proiektuak ere aurrera egingo duelako. Beraz, momentuan momentukoa bizi, ahal den lan gehien eta hoberen egiten saiatu eta, ez ahaztu, umoretsu bizi!

Zailtasunei aurre egiteko baliabideak izatea garrantzitsua da. Horietako batzuk tresna teknologikoak izango dira, beste batzuetan pertsonak eta guk geuk sortu behar izango ditugun baliabideak ere egongo dira. Beraz, landu dezagun denon artean ekintzailetza bide umoretsua! Emakume, ausart eta umoretsuen sarearen parte izan nahi duzu? 😉

Umorea, momentu zailak goxatzeko baliabidea