This post has already been read 34 times!

Zaintzak erdigunera ekarrarazi dizkigu Covid-19ak. Zoritxarrez, behartuta izan da eta ez behin betiko.

Covid-19ak zaintzak erdigunean jartzera behartu gaitu, guztiok. Haurrak dituztenak, haurren zaintza dela eta; ez dituztenak, beren buruak zaintzea ere ezinbestekoa delako; adineko pertsonak… Heldu, haur, adineko izan, egoera honek geure buruak eta etxekoak zaintzera bideratu gaitu.

Telelana goraipatu da, enpresetako antolaketa beste era batera egiteko deia ere zabaldu da… baina, aldaketa benetakoa izango al da? Hilabete honetan kalera ateratzen hasi gara, pixkanaka eta ordutegi zehatz batzuetan… Lanera ere fisikoki bertaratzen hasi gara batzuk, baina, uste duzue hilabete hauetan pentsatu dugun hori errealitate bihurtuko dela? Enpresa handiek beren lan egiteko moduak aldatu eta zaintzari garrantzia emango diotela? Orain arte telelanean aritu diren langileek, etorkizunean baimena eskatuko balute etxetik telelana egiteko -egun batzuetan sikiera-, aukera hori eskainiko dietela enpresatik?

Zalantzan jartzen dugu errealitatearen aldaketa hau. Nahiz eta demostratu den jendeak lanarekiko izan duen konpromisoa, egoera zail honetan denen esfortzua benetakoa izan dela, enpresek hain barneratuta dituzten presentzialismorako joera eta zaintzak beharko ez bagenitu bezala jokatzearen jarrerak mantenduko direla uste dugu, zoritxarrez.

Zaintzak erdigunean jartzeko benetako aldaketa bat eman behar da: antolatzeko moduetan, gizon eta emakumeak baloratzeko irizpideetan, etxeko lanei eskaini behar zaien denbora, lidergotza ulertzeko moduetan eta ikuspegi aldaketetan. Horrek guztiak itxialdi bateko unean uneko hausnarketa bat baino lanketa sakonagoa behar du eta “normaltasunera” itzulera honetan ematea oso zaila izango dela iruditzen zaigu.

Krisi konstante batean gabiltza azken hamarkadan eta hala jarraituko dugula dirudi, beraz, ilusioz jarraitzea espero dugu eta indartsu, datorkigunari gogoz heldu eta aurre egiteko!

 

Covid-19: zaintzak erdigunera