This post has already been read 47 times!

Zama mentala zer den ba al dakizue? Noizbait sentitu al duzue? Hala bada, beste norbaiti azaltzeko orduan erraza edo zaila egin zaizue?

 

Ilustratzailea: Emma Clit.

Emma Clit ilustratzaileak “La carga mental” liburu ilustratuan oso ondo azaltzen du zama mentalak etxean, lanean, familian eta lagun artean duen eragina. Azaltzeko hain zaila izaten dena batzuetan, erraz egiten du Clitek.

Zama mentala

Adibidez, etxean gizonak sukaldatzen badu, baina emakumeak pentsatu behar badu zer erosi, zerbait falta denean bera arduratu behar bada erosteaz (gizonak ez duelako horretan erreparatuko sukaldatzera joan eta olioa falta duela ikusten duen arte. Sukaldatu zuen azkenekoz, amaitu zitzaionean, ez zuelako inon apuntatu erosi behar zenik) eta gainera asteko menua ere berak pentsatu behar badu, zama mental guztia berak darama; gizonak sukaldatu soilik egiten du, baina, azken emaitza horretara iritsi arteko aurreko ardura guztiez ez da arduratzen. Edota, haurrak izanik, ama arduratu behar denean bileren egunetaz gogoratu eta bertaratzeaz, haurren lagunen urtebetetze festarako oparia erosteaz, haurren eskolako festa egunean zaintzaile bat topatzeaz, etab. gizonari okurritu ere ez zaionean egiten guzti horiek egin behar direnik, neke handia suposatzen du, maiz ohartzen ez garen arren. Emakumeak gara, orokorrean, gauza horietaz guztietaz arduratzen garenak bikote heterosexualetan, haurrak izan edo ez.

Gizonek beren lanarekiko dute konpromiso bera izango balute beren familien zaintzekiko, orduan bai, zaintza partekatua errealitatea litzateke; baina, egun ez gara hortaraino iritsi. Gizonei lanarekiko konpromisoa beste edozeren gainetik jartzea eskatu izan zaie, urtetan euren ardura izan baita sozialki dirua etxeetara ekartzea, emakumeek haurrak zaintzen zituzten bitartean. Baina, egoera hau aldatu da eta emakumeak lan merkatuan gaudenetik urteak pasa diren arren, lana partekatu beharrean, zama gehitu da emakumeen bizkarretara. Lehen etxeko eta familiako zaintzaz arduratzea baldin bazen emakumeen “egitekoa”, egun hori guztia eta etxetik kanpo egiten duen ordainpeko lana ere egin behar du. Gizonen ardurak bere horretan jarraitzen duten bitartean: kanpoko lanarekiko arduratsu eta etxeko lanekin “bikoteak esaten didana egiten dut”.

Ilustratzailea: Emma Clit.

Neketsua da

Zama mental hori ikusezina da, baina oso neketsua. Emakume langileentzat neketsua bada, emakume ekintzaileentzat are gehiago. Berez ere karga handia baldin bada norbere proiektua garatzea eta egingarri bilakatzea, eguneroko beldur eta mamuei aurre egitea, zorrik ez izatea, bezeroak gustura egotea, etab. etxeko eta etxekoen zaintzarekin lotutako zama mentala ere bideratzeak eguneroko lana gogorragoa egiten du. Denok argi dugu laneko giroak etxekoan eragiten duela eta alderantziz. Beraz, lanean zama mentala duenak (ekintzaileetan ohikoa izaten da) etxean ere baldin badu, karga handia da egunerokoan eta neke ikaragarria.

Honetaz hitz egitea garrantzitsua da, bikote eta ingurukoak ohar daitezen eta zama mentala modu errealean banatzen has gaitezen. Ez baita nahikoa egitearekin, gauza asko aurrez pentsatu eta antolatu behar direlako bai lanean eta baita etxean ere.

 

Ilustratzailea: Emma Clit.
Zama mentala