Errentagarritasuna

Errentagarritasunaz ez dugu askotan gustura hitz egiten ekintzaileon artean, badirudi tabua dela. Baina, jarduerarekin jarraitzeko ezinbestekoa da bere errentagarritasuna nola lortu pentsatzea eta horren bila joateko urratsak ematea.

Hau argituta, goazen errentagarritasunean lan egiten dugun aztertzera.

Zer da errentagarritasuna?

Wikipediaren arabera, “eskuraturiko mozkinaren eta horretarako inbertitutako baliabideen edo kapitalaren arteko erlazioa da, bien arteko zatiketaz kalkulatuta, gehienetan urtebeteko epe bati buruz”. Hau da, gastuak eta irabaziak konparatuta, irabazi gehiago izatea gastuak baino. Horrela, gure jarduera errentagarria da ekonomikoki. Baina, alderdi ekonomikoa da soilik kontuan hartu behar duguna?

Nola aztertu errentagarria ote den gure jarduera, ikuspegi anitzen arabera?

Errentagarritasunak alderdi ezberdinak dituenez, ikuspegi ezberdinetatik egingo dugu azterketa.

  1. Alderdi ekonomikoa: hartu urteko gastuak eta urtean fakturatu duzuna. Konparatu eta errentagarritasun ekonomikoa zein den ikusiko duzu. Errentagarritasun ekonomikoa soldatan islatzen denez, zure soldatak zure gastu pribatuak estaltzeko adina ematen dizun ere baloratu. Ez baita nahikoa errentagarritasun positiboa izatea, baizik eta, errentagarritasunak kopuru batera iritsi behar du minimoki zure beharrak estaltzeko.
  2. Alderdi pertsonala: jarduerak ematen dizkizun poztasun eta tristurak zerrendatu. Gorak eta beherak: buruhausteak eta plazerak.
  3. Denboraren alderdia: egunean zenbat ordu eskaintzen dizkiozun baloratu, astekoa kalkulatu, hilabetekoa eta urtekoa. Horretan, lagungarri izango zaizu eguneko partea idaztea astebetez. Hau da, lanean hasten zarenetik bukatzen duzun arte zenbat ordu eskaintzen diozun zeregin bakoitzari apuntatzea.

Zer nahi dut nire jarduerak niri ematea?

Pentsatu egin behar duzu benetan zer lortu nahi duzun zure kabuz lana egitearekin. Hau da:

  • Malgutasuna da baloratzen duzuna?
  • Ordutegi murriztuan lana egitea?
  • Soldata konkretu bat izatea?
  • Pozik bizitzea gustuko duzun lana egiten?

Finkatu helburu pertsonalak aurreko ataleko alderdi bakoitzean (alderdi ekonomikoan, pertsonalean eta denborarenean).

Emaitza baloratu eta ekin aldaketei:

Egoera zein den jakinda eta alderdi bakoitzean zure helburuak zein diren ikusita, bideragarria da zure jarduera? Ez bada, zer egin dezakezu bideragarri egiteko?

Hau da, agian, azterketaren emaitza:

Oso pozik egiten nau nire lanak, nahikoa errentagarria da ekonomikoki (nire etxearen alokairua ordaintzeko lain ematen dit), baina, ordu gehiegi sartzen ditut egunean. Horrek, aisialdiaz gozatzeko denbora gabe uzten nau, eta asteburuetan ere kosta egiten zait lanari lotutako estresa kentzea.

Edota, beste hau:

Ez naiz iristen lan guztiak ongi egitera (esku lanaz gain, komunikazioa, kontabilitatea, antolaketa, bezero berriak lortzea, etab.) eta horrek, bezero berriak lortzeko zailtasunak sortzen dizkit. Bezero berririk gabe, ez dut lortzen errentagarritasuna, eta soilik autonomo kuota ordaintzeko diru sarrerak ateratzen ditut. Pozik nago jardueraren gastu gehienei aurre egiten diedalako, baina, alderdi pertsonalak sortzen dizkidan beharrak ezin ditut aste hilean 400€ko soldatarekin.

Ekintzaile txikia izatea ez da bide erraza, baina, norberaren egoera aztertzea ezinbestekoa da zenbait aldaketa egiteko bidean eta benetako bideragarritasuna lortzeko.

Izan daiteke zure jarduera bideragarria, baina, pentsatu egin behar duzu nola hobetu eskaintzen duzuna, egiten duzuna ala eskaintzen diozun bezero mota.

Animo bidean!

Zein dira jarduera errentagarri egiten duten faktoreak?