Emakumeak gara, beraz, ziklikoak gara. Ekiteko orduan hori kontuan izan behar dugu.

Ilustratzailea: Nerea Gonzalez

 

Zure zikloaren berri ba al duzu? Zure lau emakumeak -edo gehiago- ezagunak al dituzu? Bada garaia orduan!

Hilekoaz dugun informazioa desegokia da, eta mitoz beteta dago. Ondorioz, emakumeak hilero erotu egiten garela pentsatzera iritsi gara, gure argudio, iritzi eta erabakiei balioa kenduz: “ez egin kasurik, hilekoarekin nago”, “ez dut kontuan hartuko, hormonak asaldatuta dituzu”…

Emakumeon garunaren funtzionamendua ziklikoa da, gizonezkoena, aldiz, konstantea. Funtzionamendu zikliko hori onartu egin behar dugu, eta ondorioz, emozioak balioztatu. Emakumeok egun jakin batzuetan sentsibleago egotea, gure izaeraren parte da, eta ez da ezaugarri negatibo bat.

Egonkortasun emozionalaren eredua, eredu maskulinoa da, noski. Gizonezkoak haserretzen badira, arrazoi batengatik dela ontzat ematen dugu. Baina emakumeak haserretzen bagara, hormonengatik da? Aldatu dezagun ikuspuntu hori. Sentsibleago gauden egun horietan, gauzak intentsitate gehiagorekin hautematen ditugu, eta beharbada, baita osotasun gehiagorekin ere. Beraz, erabaki bat hartzeko, iritzi bat emateko edo argudio bat defendatzeko alderdi emozionala kontuan izateak ez du zertan negatiboa izan. Jakituria ez dago soilik objektibitatean, arrazonamenduan edo intelektualtasunean.

Ziklikoak gara, ba al zenekien?

Emakumeen zikloek 26-28 egunetik gora irauten dute, emakume bakoitzaren arabera. Ziklo horren baitan lau fase desberdin bereizten dira nagusiki. Fase bakoitzean fisikoki, emozionalki eta ingurunearekin harremantzeko moduak aldatu egiten zaizkigu, horregatik diogu lau emakume bizi direla -gutxienez- ziklo bakoitzean emakume bakoitzarengan. Fase batzuetan sormena potentzializatu egiten zaigu, bestetan sozialitzeko joera, etab. Hori dela eta, ezinbestekoa da fase bakoitza ondo ezagutzea gu ere ondo ezagutu eta errudun sentitu gabe, gure ekiteko bidean lau emakume horiei probetxua ateratzeko gure burua errespetatuz.

Lau fase nagusiak honakoak dira:

  • Menstruazioa.
  • Aurre-obulazioa.
  • Obulazioa.
  • Post-obulazioa.

Datozen postetan gaia sakonago landuko dugun arren, oraingoan garrantzitsuena ziklikoak garela ohartzea da. Hilekoa nazkarekin eta atsekabetuta bizitzea baino, zure burua ezagutzera bultzatzen zaitugu.

Horretarako dokumental oso interesgarria da “La luna en ti”. Baliabide honen berri duzu “La luna en ti dokumentala” postean.

 

 

Ziklikoak gara