Ekitea ez da bide erraza; eta are zailagoa da gertuko erreferenteen berri ez badugu.

Ekintzailetza oso aberasgarria dela esaten dugu beti, eta hala dela uste dugu. Baina, horrek ez du esan nahi erraza denik. Bizi garen gizartea ez dago ekitera ohituta; hau da, ikasten zaudenean zure lagun eta familiakoek diotena ez da izaten: “Animatu zaitez zure ideiekin enpresa bat sortzera”, ohikoagoak izaten dira horrelakoak: “Ea lan on bat lortzen duzun enpresa batean, zeren bestela, badakizu, autonomoen kondizioak ez dira onenak izaten…”; “Autonomoek ez dute ez oporrik, ez bajarik hartzeko aukerarik”. Horrelako mezuek ez dute laguntzen saltoa emateko unean, ezta ausartzeko bidea irekitzen ere.

Gaur egun, lehen oztopoa, gizarte bezala ditugun laneko ohiturak dira. Eta bigarrenik, edota agian, lehenengoa litzatekeena, erreferente falta. Ez ditugu ekintzaile gehiegi ezagutzen eta entzuten ditugunak urrutikoak dira geografikoki eta oso urrunak ere aukeretan: Steve Jobs eta Steve Bozniak (Apple), Larry Page eta Segrey Brin (Google), Bill Gates (Microsoft), etab. Esan bezala, urrutikoak dira oso ezagunak egin diren erreferenteak, teknologia berrien sektorean lanean ari direnak eta gizonak. Horiek direnean burura datozkigun erreferenteak, normala da gu ez animatzea. Ziurrenik gure proiektuak txikitik abiatzen direnak dira, beste sektore batzuetatik eta emakume izanda. Ikerketek diotenez, erreferente faltak autoestimuan eta etorkizuneko proiekzioan eragin zuzena du eta hori oso argi ikusten da ekintzailetzara begiratzen badugu, edozein izanik ere sektorea.

Hori horrela, gaurko postean emakume ekintzaile batzuen berri eman nahi dizuegu, sektore desberdinetan ekin dutenak eta erreferente izan daitezkeenak:

1. Naru Intelligence

  • Naru Intelligence, “Biomedikuntzarako Big Data eta Adimen Artifizialeko sistemak, paziente bakoitzaren emaitzak hobetzen dituztenak” diote start-up honetako sortzaile diren Eider Sánchez eta Maider Alberich-ek. Donostian dute egoitza eta 2016. urtetik martxan daude.

 

2. Skura mobile

  • Skura mobile Jaione Martinez, Arkaitz Anza, Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portelak sortutako kooperatiba da. App-en garapena lantzen dute IOS eta Android-erako, neurrira egindako proiektuak egiten dituzte, IOT eta Bluetooth teknologian adituak dira, besteak beste. Bederatzi urte daramate kooperatiba sortu zutenetik, gertutasunetik, bezeroen beharretara egokituz proiektuak sortzen.
Jaione Martinez, Arkaitz Anza, Maitena Urretabizkaia eta Silvia Portela.

 

3. Platanomelón

  • Platanomelón emakume batek zuzendutako enpresa da. Anna Boldú da zuzendaria eta 2014an sortu zuen enpresa. Platanomelón online jostailu erotikoen marka liderra da Espainian helburu batekin: sexuarekin lotutako aurreiritziekin, ezjakintasunarekin eta tabuekin amaitzea. Une honetan 50 langile ditu eta gehiengoak emakumeak dira.
Anna Boldú.

 

Askoz gehiago ere badaude, zorionez, baina, gaurkoan hiru hauek ekarri nahi izan ditugu Ekionera. Emakumeak hiru enpresa hauek dauden sektoretan aritzea ez da ohikoena izaten eta horregatik, interesgarria iruditu zaigu post honetan eurei lekua egitea. Zuek zein emakume ekintzaile ezagutzen dituzue? Zuen iruzkinak jasotzeko gogoz gaude!

Ekintzailetzan, sektore desberdinetako erreferenteak
Tagged on: