Gehienetan webgune antzekoetan ibiltzen gara gehienok, baina, gordeta eta antolatuta izaten al dituzu helbide horiek? Askok behin eta berriz idazten dituzte helbideak, beharra duten aldiro, alegia, eta ohitura honek denbora galtzea dakar.
Zein nabigatzaile erabiltzen duzu? Ugari daude eskura eta doan. Baina, guk Firefox gomendatzen dizugu: software librea delako eta benetan erabilterraza delako. Antolaketa irizpide ezberdinak eman dizkizugu aurretik blog honetan, baina, gaurkoan, Firefox nabigatzailea antolatzeko gakoak emango dizkizugu. Izan ere, interneten bizkor ibiltzea gure aurrelanen baitan dago, eta geure buruak ongi antolatzen baditugu, egunerokotasunean interneten ere arin ibiliko gara.
Goazen, beraz, antolaketa gako horiek ezagutzera!
1) Deskargatu Firefox nabigatzailea.
2) Tresnen barra antolatu eta hasi webguneak karpetetan gordetzen. Irakurri horretarako Firefox antolatzeko gidaliburua.
3) Sartu webguneetara gorde berri dituzun karpeta eta lotura horietatik!
Zer da karpetetan jarri ohi dena?
- Webgunerako sarbideak (wordpress-eko administrazio helbidea, webgunearen domeinua, hosting-erako sarbidea, etab.)
- Kutxa ala bankurako sarbideak
- Inspirazio iturriak (blogak, webguneak, youtube kanalak, etab.)
- Sare sozialak (zerrendan erabiltzaile zaren guztiak)
- Lan tresnak (sare sozialak antolatzeko tresnak, egutegi elektronikoa, online bidez datuak bidaltzeko webguneak, aplikazio anitzak, etab.).
- Hiztegiak (hizkuntzaren batekin zalantza dugunean kontsulta egiteko)
- …
Pentsatu ezazu zein karpeta behar dituzun, eta joan poliki-poliki webguneak bertan sartzen. Behin ariketa hori eginda, asko erraztuko duzu interneteko nabigazioa, eta zure egunerokoan denbora ez duzula alperrik galduko ikusiko duzu.
Lanean eraginkor izateak, bizitza pertsonalerako denbora gehiago eta kalitate handiagokoa izatea dakarrenez, ekin antolaketari!