Webguneko edukiak ahalik eta interesgarrien egiteko saiakeran, arlo desberdinetako adituei elkarrizketak egiten hasi gara. Lehen elkarrizketa Kide aholkularitzako Arantxa Astiasuinzarra eta Oihana Amundaraini egin diegu eta hauexek dira euren erantzunak. Guri oso baliagarriak egin zaizkigu eta ziur zuentzat ere hala izango direla.
Sarreran aipatu bezala, jarraian irakurgai duzue Kide aholkularitzako kideei egindako elkarrizketa. Bigarren zatia laster argitaratuko dugu, oraingoz lehen zatiarekin uzten zaitugu.
1. Ekintzaileei negozio berriaren sorreran zein gomendio emango zeniokete?
Oso garrantzitsua izaten da forma juridikoaren aukeraketa, modalitate desberdinak daude: autonomoa, Ondare Erkidegoa, Kooperatiba, Sozietate Mugatua, Elkartea, etab. Autonomoa edo Ondare Erkidegoa izango litzateke hasiera emateko erarik errazena, baina aldi berean baita arriskutsuena ere, norbanako bakoitzak bere ondasunekin erantzuten baitu jarduerak sor ditzaken ordainketa obligazioen aurrean. Aldiz, enpresa bat sortzea konplexuagoa da eta betebehar gehiago sortzen ditu, baina babes gehiago eskaintzen du. Kasuz kasu forma bat edo bestea egokiagoa izango da. Beraz, gomendioa forma juridikoaren inguruan ongi hausnartzea izango litzateke, etorkizunean arazoak ekiditeko.
2. Ekintzaile batek, bere proiektua/enpresa martxan jartzen duenean, zer da kontuan izan behar duena hasiera batean bideragarritasun aldetik?
Negozio ideia bat aurrera eraman aurretik bideragarritasun plan bat egitea komeni da arrakasta neurtu ahal izateko.
Alde batetik proiektua definitzen da, emango den zerbitzua zehaztu behar da eta merkatuaren azterketa egin, konpetentzia neurtu eta bezero potentzialak zein diren deskribatu behar da. Behin negozio aukera erreala dela ondorioztatuta, marketing estrategia definituko da.
Bestetik, hasierako inbertsioa, sarrera eta gastuen aurreikuspenak egingo dira, errentagarritasun ekonomikoa neurtzeko. Bideragarritasun plan batean ahal diren kalkulurik zehatzenak egitea komeni da. Baina ez ahaztu plan bat dela, plan hori bete daitekeela edo ez. Gauzak aurreikusi bezala atera daitezke, askoz hobeki edo askoz okerrago. Eszenatoki guztietarako prestatuta egon behar da.
Beraz, goian aipatu bezala enpresaren forma juridikoa eta ondasunen babesa bideragarritasuna bezain garrantzitsua da. Irteera Plana hasieratik argi planteatuta izatea.
3. Ekintzaileek kontabilitateaz jakin arren, ziurrenik aholkularitza bat izango dute urte amaierako kontuak eta bestelakoak kudeatzeko, baina, eurek egin beharreko gutxienekoak zeintzuk direla esango zenuke?
Ekintzailearen profilaren arabera aholkularitza lan desberdinak egiten ditugu. Kontabilitate ezagutzak dituzten bezeroak kontabilitatea bere kontu egin dezake, aholkularitzatik zergen aurkezpenaz, etengabeko aholkularitzaz eta arreta emateaz arduratzen gara, hau da, negozioaren kontrola ekintzailearengan egongo litzateke eta gu laguntzaileak izango ginateke. Aldiz ohikoena ekintzaileak gai hauetaz ezagutzarik ez edukitzea izaten da, kasu honetan, gu arduratzen gara kontabilitatea eramateaz eta gizarte segurantza eta ogasuneko betebehar guztiak egiteaz. Ekintzaileak bere proiektua aurrera eramatean ezarri behar du ahalegin guztia eta aholkularitzatik eskatzen zaion bakarra beharrezko dokumentazioa bildu eta gure esku jartzea da, ondoren guk horrekin lan egin ahal izateko.