Martxoaren 8a iritsi da eta urtez urte indar erakusketa handiagoa bilakatzen ari da egun honetan antolatzen den greba feminista. Greba feminista egiteko hainbat arrazoi daude, bakoitzak berea du, baina, guztiak dira garrantzitsuak eta guztiok grebarekin bat egitea are eta garrantzitsuagoa.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak urte askotan lan handia egin du emakumeon* diskriminazio egoerak ikusarazten eta salatzen. Eta emakumeok pixkanaka batzen ari gara mugimendura, eta aldarrikapen feministetara.
Feminismoaz hitz egitea aniztasunaz hitz egitea da, aukera berdintasunaz, biziera singular eta orokorrez, jendartean bizi ditugun sistema hegemonikoez, eraiki nahi ditugun politikez, hemengo eta hango pertsonez, zahurgarritasunez, gai jarriez eta asmatu beharrekoez, sentsazioez, emozioez, zutaz eta nitaz, gutaz…
Emakume* bakoitza momentu, gai ala pertsona ezberdinaren bitartez zeharkatzen du feminismoak. Baina, behin zeharkatua denean, sendo heltzen dio, eta sakonera joaten da.
Greba feminista: irakasgaia
Greba feministak asko irakasten digu urtez urte berekin bat egiten dugun emakumeoi*: ahizpatasun masiboaren bisualizazioan, mundu mailan egiten diren aldarrikapen feministak ezagutu eta elkarrekin aurrera egiten ari garela erakusten digu. Gure jendartean, berriz, grebak babesten dituen esparruetan emakume* anitzek ditugun bizi baldintza prekarioak, diskriminazio egoerak eta jasaten ditugun indarkeria egoerak azaleratzen ditu.
- Etxeko lanen balorazio falta
- Zaintza lanetan aritzen diren emakumeen prekarizazioa, kontsumo jendarteak bereziki emakume pobreengan duen inpaktu negatiboa
- Ehungintza sektoreko enpresek emakume* asko mundu osoan zehar esplotatzen dituzte
- Lan merkatuan emakumeok* jasaten ditugun diskriminazioak
- Balorazio gutxiago gure lan eta iritziei, kristalezko sabaia, soldata arrakala…
- Etabar luze bat dira greba feministaren bitartez aldarrikatzen diren diskriminazioak.
Elkarrekin aurrera:
Banaka ezin dira diskriminazio horiek gainditu egiturazko egoera baita emakumeok* bazterrarazten gaituena. Horregatik da garrantzitsua, batera, talde txiki eta handian, emakume* guztiok elkarrekin aurre egitea sistema patriarkalari. Eralda dezagun elkarrekin sistema hau, eta bizitza gozagarri eta bizigarriak eraiki ditzagun!
Gora borroka feminista!