Ekitea egunero ikastea dela esango genuke. Eta ikasketak ez dira soilik hezkuntza formaletatik jasotzen. Elkarrizketa batek, egoera batek, erantzun batek, gure muga batek, gure emozio batek… zer ikasia ematen digu egunero.

Gai gara gure izaera nolakoa den definitzeko? Zein sentsazio errepikatzen zaigu? Zein joera izaten dugu ziurgabetasun egoera ezberdinetan? Nolakoak gara bezeroekin? Nola jokatzen dugu gure buru eta gorputzaren beharrekin? Zein muga ditugu? Eta gure izaeran ba al dago zerbait aldatuko genukeena?

Jarrera ezberdinak izan ditzakegu galdera hauek planteatzen dituzten egoeretan. Momentuaren arabera, baliteke gainera, egoera berberari erantzun ezberdin bat ematea. Jarrerak identifikatzea eta gure buruarekiko gaizki sentiarazten gaituztenak garatzea ariketa polita da, ahalik eta oreka emozionala lortu arte.

Nola garatu jarrerak?

Formula zehatzik ez dagoenez, norberak egin beharreko ibilbidean laguntza moduan, jarrerak garatzeko taula prestatu dugu. Bertan, erdiko zutabean hainbat jarrera topatuko dituzu. Ezkerreko zutabean kokatu behar dituzu gaur egun dituzunak. Eta eskuinekoan, berriz, etorkizunean garatu nahi dituzunak. Gehitu nahi dituzun jarrerak zerrendara, eta egin zure taula.

Ezkorra banaiz, eta nire aukera baikorra izatera iristea bada, lanketa pertsonal handia egin beharko dut ikuspegiz aldatzeko. Baina, lehen urratsa egin nahi den ibilbidea zehaztea denez, abiapuntutzat hartu taula honek eskaintzen dizun ikuspegia. Ondoren, noski, beharrezko dituzun kontsultak, liburuak, irakurgaiak, dokumentalak, etab. egin, irakurri ala ikusi beharko dituzu jarrera berria naturalki barneratzeko.

Ekintzaile bakoitzak egoerak kudeatzeko modu ezberdinak dituenez, ezin ditugu jarrera konkretuak gomendatu. Horrela bada, gure aholkua zure burua ezagutzean datza. Horrela soilik jakingo baituzu zerk egiten dizun on eta zerk ez. Egoera konkretu batzuk identifikatzen badituzu, jarrera ezberdinekin erantzun diezaiekezu, eta hoberen sentiarazi zaituen jarrera onetsiz zure egin.

Ekitea, egunero ikastea