Elena Irureta Azanza euskal aktorea Zumaian jaio zen 1955 urtean.
1976an Axut film luzean kasualitatez parte hartu ondoren, 80ko hamarkadan Arte Dramatikorako Antzerti Eskolan eman zuen izena. Madrileko Arte Aplikatuen Eskolan argazkigintza ikasi zuen, eta ingelesa ikastera ere Londresera joan zen. Bueltan, Arte dramatikoetan sakontzeko beka bat eskuratu zuen, eta horrekin, bete-betean murgildu zen alor profesional honetan (zinean, antzerkian eta telebistan lan eginez bekak zirauen bitartean).
Geroztik, ibilbide oparoa izaten ari da interpretazio munduan.
80ko hamarkadan, euskal filmetan bigarren mailako paperak egin zituen:
- Txirula miresgarria (Bruno Carrier, 1982)
- La conquista de Albania – Albaniaren konkista (Alfonso Ungría, 1983)
- Fuego eterno (Jose Angel Rebolledo, 1984)
- Zergatik panpox (Xabier Elorriaga, 1985)
- La monja alférez (Javier Aguirre, 1986)
- Ke arteko egunak (Antxon Ezeiza, 1990).
90eko hamarkadan, berriz, Euskal Herrian son handia eman zioten interpretazioak egin zituen, horien artean, Bi eta bat telesaila (Carlos Zabala eta Eneko Olasagasti). Hortik aurrera, Euskal Herriko eta Espainiako zuzendari entzutetsuenekin aritu da lanean: Julio Medem (La ardilla roja, 1992), Iciar Bollaín (Hola, ¿Estas sola?, 1997) eta Juanma Bajo Ulloa (La madre muerta, 1993), kasu.
Talentu berezia atzeman zaio hasieratik, naturaltasunez eta eroso egin ditu dramazko paperak eta baita komikoak ere, erreferente bilakatuz bere eta ondorengo belaunaldientzat.
Sari ugari jaso ditu bere lan-ibilbidean zehar han eta hemen, eta guri, publikoari, bere talentuaz gozatzeko aukera paregabea eskaini digu.
Eskerrik asko Elena!!