Emakumeok orokorrean, erruduntasuna oso presente dugu; bizitzako etapa desberdinetan eta arrazoi ugariren ondorioz. Ekintzaile izateagatik ere errudun sentitzen al gara?

Ekintzaile izatea erabakitzen dugun unean inguruan ditugunen iruzkinak tankera honetakoak izan ohi dira: “ze ausarta zaren!”; “nik ezingo nuke hori egin: hilabetero izango dudan soldata zein den ez jakitea oso gaizki eramango nuke” -ekintzaileok ere ez pentsa ondo daramagunik hori, guretzat ere zaila da ziurgabetasuna kudeatzen ikastea-; “eskubide askoz gutxiago dituzue, ez da betirako zure ideia izango autonomoa izatea, ezta?”.

Erruduntasuna

Horietako batzuk ekintzaileei orokorrean aipatzen dizkigute, baina, ekintzaile izateaz gain, emakume bagara, beste hainbat galdera eta iruzkin gehitzen zaizkie aurretik aipatutakoei: “eta haurdun geratzen bazara, nola egingo duzu?”; “semea/alaba nork zaintzen du orain?”. Errua gurea balitz bezala, bizitza eta lana ulertzeko era bakarra egongo balitz bezala. Ekintzaile izatea gogorra da, bai, aurrez egindako galdera guztiak guk geuk ere egin dizkiogu gure buruari ekin aurretik, ekiten ari ginela eta gerora ere. Baina, galderak ikuspegi beretik jasotzen al dituzten gizon ekintzaileek? Haurra nork zainduko duen zergatik galdetzen digute emakume ekintzaileoi eta gizonezkoak, aldiz, zoriondu egiten ditugu hain ausartak izateagatik? Norbaitek galdetu al dio noizbait aita den ekintzaileren bati bere haurrak nork zainduko dituen berak enpresa bat sortzea erabaki badu?

Zoru itsaskorra

Galdera horiek guztiak eta egunerokoan entzun behar izaten ditugun beste askok erru sentsazioa areagotzen dute. Zoru itsaskorra deitzen zaion esamoldeak azaltzen du emakumeok bizi dugun egoera hau:

Zoru itsaskorra (suelo pegajoso): emakumeei berezkotzat esleitu izan zaizkien zaintza lanei egiten die erreferentzia. Patriarkatuarentzat bere “espazio naturala” den horretatik ateratzea oztopo bat da beren ibilbide profesionalerako. Bikotekidearen, familiaren eta jendarteak eragindako presioak emakumeei zaintzen arduradun nagusiak direla sinestarazten diete. Erru sentsazioak eta jardunaldi bikoitzek sustapen profesionala oztopatzen dute, enpresako mundu maskulinoa nola egituratuta dagoen kontuan hartzen badugu.

Esamolde hau emakumeentzat hain zaila den (lehen aipatu bezala, barne eta kanpo presioen ondorioz, erru sentsazioaren ondorioz, etab.) kanpo eta etxeko lanen orekarekin lotuta dago.

Zaila da erruduntasun sentsazioa gainetik kentzea, ez dugu egun batetik bestera lortuko. Baina, bizitzen duguna izendatzen badugu, izaera ematen diogu da, bakarrak ez garelako. Zoru itsaskorra esamoldea erabiltzean, sentsazio hori batek baino gehiagok sentitzen duelako da. Beraz, parteka ditzagun gure emozio eta sentsazioak gainontzeko emakume, ekintzaile, etab.ekin, ziur erru sentsazioa gutxitzen laguntzen digula. Izena duena, bada; beraz, sentitzen dugunari izena jartzea ezinbestekoa da.

Garapen profesionalari lehentasuna

Zaintza ardurez gain, emakume ugari daude seme-alabarik ez izatea erabakitzen dutenak eta ekintzaileak direnak. Eta, bide horretan, bere garapen profesionalari lehentasuna ematen diote. Hori ere, baina, izan ohi da errua sentitzeko modua, ingurukoek bizitza galtzen ari dela esango diotelako; edota, zergatik ez dituen haurrak izaten, garaia pasako zaiola; edota, ea bere bikoteak zer dion (baldin badu), lanari hainbeste dedikazio eskainita…

Eta arlo honetan ere, galdera bera egiten dugu: gizonei emakume ekintzaile hauei egiten zaizkien galderak egiten al zaizkie? Erantzuna argia eta zuzena da: ez.

Hori horrela, utz diezaiegun emakume ekintzaileei beren bidea egiten, eta laguntzerik badugu, lagundu beren zerbitzu edo produktuak erosita. Baina, nahikoa epai jasotzen ditugu bestela ere, utz ditzagun epaiak eta galdera desegokiak zakarrontzian, mesedez 😉

Ausartak izateaz gain, lan egiteko modu desberdinak asmatzera behartuta gaude baldin eta merezi duten bizitzak bizi nahi baditugu. Hain barneratuta dugun ekintzailetasun eredu maskulinoarekin hautsi eta bestelako lan ereduak sortu behar ditugu. Eredu berri hauek jada martxan daude, ari gara leku desberdinetatik lan egiteko modu desberdinak sortzen. Gure ordutegiak moldatu, bizitza bizitzeko aukera izan eta erru sentsazioa gainetik kentzeko aukera emango diguten lan ereduak bultzatzen ari gara.

Zuk, nola daramazu erruduntasun sentsazioa, baldin eta sentitzen baduzu?

Emakume ekintzaileak, errudun sentitzen gara?