Bezeroekiko harremanean; aurrez aurreko tratuan; hizlari izatea suertatzen bazaizu zure proiektuak aurkezteko; formatzaile bazara, formakuntza saioetan… bide ugari daude eguneroko lanean jendaurrean hitz egitea ekar dezaketenak.
Urduritasuna, zurian geratzea, hitz egokiak ez topatzea, tripako mina… ohiko emozio eta sentsazioak izaten dira jendaurrean aritzea ohituta ez dagoen ekintzailearentzat.
Hala ere, pixkanaka eta baliabide desberdinak martxan jarriz gero, gainditzen joan daitezkeen emozioak dira.
Nola lortu ordea jendaurrean hitz egitean eroso sentitzea? Norberak bere ahultasunak ondo ezagutzea da lehen pausoa, horiek lantzen joateko ahalik eta indargune bilakatu arte.
Jendaurrean hitz egin beharrekoa nola prestatu:
- Prestatu ezazu aurrez hitz egin beharrekoa:
Nahiz eta ez jakin zehazki nola joango den jendaurreko harremana (bilera, telefono deia, zure dendara datorren eroslearekin tratua, online bilera, hitzaldia, etab.) garrantzitsua da harreman komunikatibo bakoitzean lortu nahi ditugun ideiak aurrez identifikatzea. Horrela, helburu horiek lortzeko zein ideia eta noiz planteatu planifikatu genezake. Aurkezpena, ideia nagusia, bigarren mailako ideiak ala eskakizun konkretuak, eta amaierako agurra.
- Arnasketa landu:
Urduritasuna eta antsietateak gure gorputzak abiadura handian jartzen dituzte. Arnasketarekin lasaitu egingo gara: arnasketa sakonak, diafragmatikoak, tentsioa askatzen laguntzen digu gorputzetik. Arnasa ahotik botatzean, soinua ateratzen badugu, gainera, tentsioa eta minak arinago aterako zaizkigu. Beraz, jendaurrean hitz egin aurretik arnasketa sakon batzuk har ditzakegu gure gorputzeko tentsioak askatzeko. Era berean, arnasa lasai hartzen jarraitzea, motelago hitz egiten saiatzea, eta tonoa ez altxatzeak ere lasaitasunean mantentzen lagunduko digu.
- Positiboki pentsatu:
Askotan geure buruan ditugu beldur eta emozio negatibo gehienak. Pentsatzen badugu oker egingo dugula, hanka sartuko dugula, ez zaizkigula hitz egokiak etorriko, ez garela zuzen espresatuko… litekeena da hori gertatzea. Beraz, utzi albo batera pentsamendu negatibo horiek guztiak, eta sinistu zure buruarengan: ongi egingo baituzu, ziur!
Aipatu ditugun bide hauek lagungarriak izan ohi dira jendaurrean hitz egin behar dugunean lasaiago egoteko eta prestatutakoa hobeto atera dadin. Baina, beste mila modu ere badaude.
Zuk zer egiten duzu jendaurrean hitz egin behar duzunetan?