Off-ean egoteko beharra aldarrikatu nahi dugu gaurkoan, deskantsuaren beharraz hausnartuko dugu, alegia.

Ekintzaile garenok, autonomoek, lanik egiten ez badugu, ez dugu kobratzen. Hori denok dakigu, eta hala da. Baina, ekintzaileak pertsonak gara, gainontzeko langileak bezala, eta deskantsu beharra dugu. Burua hustu eta berriz ideia berriez, sistema desberdinez, etab. bete ahal izateko 😉

Zuk, zer egiten duzu off-ari ematen diozunean? Nola lortzen duzu deskantsatzea? Erruduntasunak zenbateko espazio fisiko eta mentala du oporrak hartzea erabakitzen duzunean?

Ziurrenik bezeroen arabera hartu beharko dituzu oporrak. Guk hala egiten dugu. Lan egiten duzun lan eremuak markatuko dizkizu lan gehien sartzen diren aste edota hilabeteak zeintzuk diren eta lasaien daudenak. Beraz, zure bezero, hornitzaile eta bestelakoak oporretan daudenean zuk lanik egin ezin baduzu, une egokia izan daiteke opor egun batzuk hartzeko, ezta? Egia da beti dagoela zerbait egiteko eta ziurrenik egun horietan ere zerbait aurreratzeko aukera izango zenukeela. Baina… buruak eta gorputzak deskantsua behar dute eta tartea aukeratzekotan, hobe gainontzekoak ere oporretan daudenean hartzea. Lana beti egongo da, baina, bizitza bakarra da eta gure gorputzak ere bakarrak dira eta mugak dituzte. 

Muga horiek errespetatzen ez ditugunean iristen dira antsietatea, estres kronikoa, insomnioa, etab. Lanean jarraitzeagatik, ez diegu jaramonik egiten eta beharrezkoak diren pilulak hartzen ditugu produktiboak izaten jarraitzeko. Baina, iritsiko da une bat non ez dugun ez lana ondo egingo, ez dugu aisialdiaz gozatuko eta gure gorputzak era larriagoan eragingo digu gelditzea. Hori ekidin nahi badugu, gure lanari neurria hartzea ezinbestekoa da. Badakigu ez dela erraza, guri ere asko kostatzen zaigu. Baina, beharrezkoa da epe luzera begira.

Off egiteko aukera, on egon ahal izateko

Hasieran ez da erraza, beldurra duzulako oporretara joanez gero lanen bat galduko ote duzun; eta, ekintzaile garenok badakigu zer den hori. Inork ez du lanik galdu nahi, are gutxiago hasten ari zarenean eta xoxak ere eskasak direnean. Kontua ez da hilabete osoa edo bi hilabete hartzea, baina aste bat edo bi ixteak zure burua lasaitu eta gorputza erlaxatzeko beharrezkoa da. Ziurrenik guztiz deskonektatzea zaila egingo zaizu, baina, lortuko duzu. Hori ere ikasi egiten da denborarekin 😉 Gainera, on egon nahi baduzu, aktibo, buru argi, ezinbestekoa da deskantsatzea. Bestela, une bat iristen da non buruak jada ez digun erantzuten eta hor ez gara batere produktiboak izango. Beraz, saia gaitezen off egiten, on egon ahal izateko.

Zaila da deskantsatzea ekintzaile zarenean eta beharbada oporrak hartzeak esan nahi du hilabete horretan ez duzula kobratuko, baina, ziurrenik lanean egonda ere ez duzu lan gehiagorik izango eta zu ez zara indarberrituko datorrenari aurre egiteko.

Gu ez gara hau diogun bakarrak, noski, honen inguruan artikuluren bat irakurri nahi baduzu, Eldiario.es-ek Por qué tu cerebro necesita vacaciones izenburupean argitaratutako hau gomendatzen dizugu.

Norberak ikusi behar du bere lan eta egoeraren arabera nola antolatu, kontziente gara egoera, proiektu eta pertsona bakoitza desberdinak garela (eta eskerrak! ;)), baina, urtean zehar opor egun batzuk hartu, mesedez! Zure osasunak eskertuko du eta baita zure proiektuak ere.

Off-ean egoteko beharra