Sormenaz asko hitz egiten da eta baita blokeoez ere. Baina, egunerokoan gure proiektuak aurrera egin behar duenean, modu eta teknika guztiak martxan jarri behar ditugu, blokeoek ahalik eta gutxien iraun dezaten.

Badugu ideia berrietan pentsatzeko ahalmena, baina, maiz denbora eta estimuluak falta zaizkigu zeregin hori garatzeko. Ideien sormena, ordea, gure ibilbidea modu batera edo bestera bideratuko duen gaitasuna izango da. Horregatik, ideia berrietan pentsatzeko eta hauen garapenerako hainbat teknika aurkezten dizkizuegu.

Sormena?

Sormena arlo ezberdinetan bila genezake: antolaketa moduetan, gure bizitzak zaintzeko moduetan, dekoratzeko moduetan, lana egiteko teknika ezberdinetan…

Baina, faktore garrantzitsu batek baldintzatuko du sormen maila handiagoa ala txikiagoa izatea: denborak. Hau da, sormenari dedikatzen diogun denborak. Ezin dugu pentsatu bapatean etorriko zaizkigunik ideia dizdiratsu eta arrakastatsuak. Ziurrenik, ideia txikietatik etorriko dira etorkizuneko proiektu sendoak. Beraz, maiztasun batekin, sormena lantzeko denbora hartzea gomendatzen dizugu, izan ondoren aurkezten dizkizugun teknikak erabiliaz, edota zuri hobekien datorkizun beste edozein modu aukeratuaz.

Inspirazioa eta ideian sormena pizteko hainbat modu:

  • Oinez ibiltzera joan:

Egunerokoan ez gara ohartzen inguruan ditugun txoko, pertsona eta momentu askotaz. Atera zaitez oinez ibiltzera, baina, begien ordez argazki kamara daukazula irudikatu (edota soinean eraman!). Atera argazkia xarmangarria iruditzen zaizun momentu orori, jarri sentimenduak eta hitzak momentu horri, eta pentsatu nola aplika zenezakeen argazki horretan agertzen duzun ideia zure jardueran.

  • Museo eta erakusketetara joan:

Beste batzuek egin dituzten lan eta bildumak ikustea oso aberasgarria da gure ikuspegia zabaltzeko eta aberasteko. Horixe ba, begiratu zure herriko kultur agenda, eta segi inspirazio bila!

  • Sektoreko jardunaldietara joan:

Zein joera daude zure sektorean? Urtean zehar ziur jardunaldi ezberdinak antolatuko dituztela zure herri edo hirian. Interesgarria da horietako batzuetara joatea. Neurtu zeini aterako diozun probetxu handiena, eta zure agendan txertatu.

  • Ikastaroetan izena eman:

Denbora gutxi izanda ere beti dago ikasteko tartea. Online ala presentzialki, baina, zure inspirazioa aberastu dezakeen ikastaroren bat edo beste egitea gonbidatzen zaitugu.

  • Zinema eta antzerkira joan:

Dekoratuak, gaiak, elkarrizketak, espresioak, sentimenduak, musikak… ordu betez edo bi orduz pelikula batek ala antzezlan batek beste mundu batean murgiltzen gaitu. Gozatu momentuaz, eta ikusi dituzun gai berriak materializatu: nola egokitu gustatu zaizun ideia hori zure jarduerara?

Azken finean, inspirazio bila bagabiltza, litekeena da gure bulego, denda ala lantokian ez topatzea hori. Egunerokotasunetik atera behar dugu ideia berriak xurgatzera ; )

Sormena lantzeko teknikak