Artisauen lana mendeetako lana da. Bizimoduen arabera, artisauek landu dutena aldatzen joan da, baina beti lanean aritu dira, besteon beharrak asetuz.

Artisauen beharra betidanik izan dugu gizartean. Egia da bizimoduak aldatzen joan diren neurrian, artisauen lanak ere aldaketa horietara moldatzen joan direla eta lanen mekanizazio eta teknologizazioak artisau ugariren lana deuseztu dituela. Baina, zorionez, artisauak gure inguruan ditugu oraindik, arlo batzuetan behintzat. Azken urtetan, sareei esker, artisau ugariren berri izan dezakegu klik bakarrean, euren lana miresteko bide erraza izanik.

Hala ere, hartu segundu batzuk pentsatzeko ea sareetan jarraitzen ditugun artisau horien zenbat lan erosi izan ditugun. Zeintzuk izan diren ezer edo ia ezer erosi izanaren arrazoiak: lan politak izan arren, ez ditugulako behar; garestiegiak iruditzen zaizkigulako; etab.

Post honen helburua ez da konpultsiboki kontsumitzera bideratzea inor, ez baikara horren aldekoak. Baina, hausnartzera bideratu nahi zaitugu. Artisauek maiz esaten digutena izaten da ez gaudela prest beren produktuak jartzen dituzten prezioetan erosteko, garestiegiak direla esan ohi dugula. Zure kasua ere hori bada, jarraian aipatuko ditugun puntuak irakurtzera animatu nahi zaitugu.

Artisauen lanaren oztopo eta aukerak

  1. Gaur egun, garai batean ez bezala, artisauek sortzen dituzten produktuen tankerakoak lor ditzakegu denda askotan. Prezio merkeagoak izan ohi dituzte eta kalitate okerragoa. Fabrika handietan, langileak gutxi ordainduz eta lan egoera txarretan izanik sortu ohi dituzte produktu horiek eta horrek prezioa asko merketzen laguntzen dien enpresa handiei.
  2. Sareetan dauden artisauak hasi dira beren lana ekonomikoki baloratzen bideo desberdinen bidez. Euren produktua egiteko beharrezkoa den materialaren prezioa, euren denbora eta margen txiki (edo handi) bat izateko produktu horrek izan beharko lukeen prezioa jakin dezagu. Ideia egokia eta beharrezkoa da, baldin eta beren lana baloratzen ikasi nahi badugu.
  3. Merkeagoa denak ez du zertan hobea izan behar. Artisauek ematen diguten konfiantza ez digute denda handi horiek ematen, ez kalitate ezta harreman aldetik ere. Hori ere baloratu beharrekoa da, noski. Askotan hobe izaten da gehiago ordainduta ere, ona den zerbait erostea, horrek iraungo digun bitartean denda handi horietako batean bost erosi behar izatea baino.
  4. Ingurumena. Azken urtetan aldaketa klimatikoa dela-eta, ingurumena zaintzeko neurri ugari hartzen ari gara indibidualki, eta baita gizarte bezala ere. Hori horrela izanik, ez da gauza bera produktu bat erostea eta produktu horrek berak urteak irautea, denbora berean 5-10 produktu erostea baino, okerragoak direlako eta gehiago erosi behar ditugulako. Zabor gehiago sortuko dugu bigarren erara bideratzen baditugu gure kontsumoarekin lotutako erabakiak.
  5. Norbere lanari balioa jartzeko oztopoak hor jarraitzen du. Ez da erraza izaten gure denbora eta jakintzei balioa jartzea, are gutxiago horrenbeste konpetentzia dagoenean gure inguruan. Hori horrela dela kontuan izanik, kontsumitzaileek lana balorean jartzea garrantzitsua da eta artisauei euren lekua ematea.
  6. Sareek ematen dituzten aukerak ugariak dira eta, zorionez, bestela beharbada aurrera egingo ez luketen proiektuak bideragarri bilakatu dira azken urtetan sareei esker. Pozgarria da hori!

Arrazoi hauek eta gehiago daude artisauen lana baloratzeko. Zuk artisauekin harremana al duzu? Euren produktuak erosteko ohitura izan ohi duzu? Guretzat oso garrantzitsua da artisauen lana balorean jartzea eta beren denbora eta jakintza baloratzea. Eurak gabe ohitura eta lanbide asko galtzera kondenatuta gaude. Bide luzea opa diegu artisauei eta beren proiektuei!

Artisauen oztopo eta aukerez