Ekintzailetza, eta ausartuko naiz esaten emakumeen ekintzailetza are gehiago, emozio biderkatuen labirintoa da maiz. Ekintzailetza prozesua bera, ideiak garatzeko bidea, erabakiak hartzeko prozesua eta aurrez espero gabeko milaka ikasketa egin beharra (sarri hanka sartu ondoren) emozio uholdeak zipriztitzen du ia egunero.

Egun hobeak eta okerragoak izango dituzu, berri onak eta berri txarrak helduko zaizkizun garaiak, lan orduak pilatu eta esperotako emaitzarik ematen ez duten bideak eta aldiz ia esfortzurik gabe heltzen diren etekinak ere bai… Baina bada sentimendu bat sarri gailendu egiten dena: beldurra.

Idazlea: Nahia Alkorta Elezgarai

Beldurra une askotan agertuko da ekintzailetzan. Hasieran ilusioari lotuta akaso, baina bizkar atzean somatzen duzun mamu moduko bat izan daiteke. Hilabeteek eta urteek aurrera egin ahala beldurra hobeto identifikatzen eta isilarazten ikasiz joango zara eta bidean agertzen diren sentimendu uholdeak errekasto bihurtu daitezke uneren batean, baina ez ahaztu bizkarrean duzun mamuaz inoiz. Baxuago sentitzen zarenean hantxe agertuko da beldurra (eta akaso inpostorearen sindromea ekarriko du berarekin), edo egoera ekonomikoa edo soziala zailagoa denean mamu hori bizkarrean egotetik pare-parean izatera igaroko zara. Baina ia-ia ziurtasun osoz esan dezaket, beldurrak ez duela ihes egiten ekintzailearen aldamenetik; are gutxiago gaur egun, akatsik txikienak oihartzun izugarria izan dezakeen une honetan.

Beldurrak

Ekintzailetzaren berezko beldur horri beste mamu handi bat batzen zaionean beldurrak blokeatzea edo etetea ekar dezake. Identifikatu duzu mamu hori?

Ekintzailetzaren mamua eta amatasunaren mamuaren dantza itogarria izan daiteke.

Amatasuna eta proiektuaren arteko jasangarritasuna, kontziliazioa (edo kontziliazio eza) eta amatasunaren lehen urteek dakarten ezegonkortasun emozionala eta neke fisikoa ez dira batere bidelagun errazak.

Ekintzailetzak berak dakarren kargari gehituko diozu haurrari edo haurrei bizitza duina, denbora eta presentzia fisikoa zein emozionala eskaintzeko beharra. Ekintzailetza eta amatasunaren konbo horri gehituko diozu autozaintzarako beharra. Eta behar horiek guztiak asetu eta zure proiektuak beherakadarik ez izatea balletik perfektuenak ere ez du lortzen.

Aurreko sarreretan aipatu bezala, badira lana eta zaintza errazteko egunerokoan praktikan jar ditzakezun gako asko, badira lan egiteko formula desberdinak eta badira ziurrenik hasieran beldur handia sortzen dizuten aukerak.

Nik gaur erronka bat dut zuretzat.

Gai zara zure beldurrak identifikatzeko? Kendu diozu noizbat mamu horri izara zikina? Nola egiten diezu aurre beldur horiei?

Mamuak harrapatu, garbitu eta txikitzeko taldean, beldurrak partekatzeko espazioak ezinbestekoak dira. Elkar zaitez, birtualki bada ere, noizean behin zure antzeko prozesuan dauden beste emakume eta ama ekintzaileekin. Partekatu zure beldurrak eta kezkak. Eskaini zure buruari beldurra berbalizatzeko uneak, eta horrek, beldurra une batez ukigarri egingo du.

Eta ez ahaztu, zuk uste duzuna baina tresna gehiago dituzu beldurrari aurre egiteko.

Nahia Alkorta Elezgarai · Sabeletik Mundura

Beldurrak biderkatzen direnean