Gure inguruan, txikitatik, denarekin ahal dugula esan izan digute: ikasketekin, lanarekin, haurren heziketarekin, etxeko lanekin, gure arazo eta ametsekin… eta hori guztia, inoren laguntzarik gabe. Baina, superwoman edo supermanak garela pentsatzeak ez al digu kalte egiten askotan?

Benetan denarekin ahal dugu? Argi dago hori esan izan digutenean, gure esfortzua eta gogoa bultzatzeko asmoarekin esan izan digutela, baina, ez al digu kalte egiten hori pentsatzeak?

Ekintzaileen kasura itzuliz: enpresa bat sortzen ari zara horrek suposatzen duen guztiarekin, etxeko lanak egin behar dituzu, baliteke haurrak ere izatea, bizitza soziala ere izan nahi duzu lanaz gain. Baina, nola kudeatu hori guztia? “Ahal duzu, edozerrekin ahal duzu, beti aurrera” esaten diegu geure buruei -eta esaten digute maite gaituztenek-. Baina, dena egiteak askotan estresa, tentsioa, gauzak gaizki egitea eragiten digu. Zergatik? Nekatuta gaudelako, pertsonak garelako eta ondorioz, dependenteak garelako.

Jendarte patriarkal neoliberalak behin eta berriz helarazten digun mezua da independenteak garela, ez dugula beste inoren beharrik bizitzan aurrera egiteko, baina, ez da egia. Gaixo gaudenean norbaitek zaintzea behar izaten dugu, ezta? Enpresa sortzen ari garenean eta adibidez, kontuak egitea ez bada gure abilezietako bat, eskertzen dugu aholkularitza batek edota gure lankideak -horretan hobea bada, alegia- egitea lan horiek, ezta? Gu lanetik irten eta haurren bila joaten bagara, eskertuko dugu labadora gure pisukide edo bikoteak jartzea, ezta? Ama edo aita bakarrak izanda ere, haurren zaintzan edota beste zerbaitekin laguntza behar izaten dugunean, norbaitengana jo ahal izatea eskertzen dugu, ezta? Hau da, ez gara independenteak.

Edozerrekin ahal ote dugu?

Jar gaitez egoera zehatz batean: “Enpresa sortzen ari garela, ez dakigu zein izen jarri enpresari, ez zein logotipo sortu ere. Baina, dena guk egin behar dugunez -hala pentsarazi digutelako eta sinestera iritsi garelako-, eta dirua ez gastatzeagatik, guk geuk egitea erabakitzen dugu, paint programa edo bestelakoren batean, ahal dugun moduan”. Horrek, hau da, guk ez dakigun zerbait egiteak, zer suposatu diezaguke guri pertsonalki eta profesionalki?

Pertsonalki, denbora asko igaroko dugula ez dakigun zerbaitean, galduta, denbora asko galduko dugula benetan dakigun kontuetan inbertitu dezakegunean, bizitza pertsonalari denbora lapurtuko diogula eta gainera, ziurrenik, ez garela emaitzarekin pozik geratuko. Hau da, frustatu egingo gara gustura sentitu beharrean.

Eta, profesionalki? Enpresaren izena eta logotipoa gure enpresaren izaera dira eta izango dira etorkizunean, horrekin gustura ez bagaude, nola jarraitu aurrera? Logotipo hori gure faktura, papeleria eta lan guztietan egongo da eta jendeak irudi horrekin lotuko gaitu. Benetan, guk nola hala egin dugun logotipo horrekin lotzea nahi al dugu gure enpresa?

Ziurrenik badugu lagunen bat esku bat bota ahal diguna doan edo prezio egoki batean, merezi du laguntza eskatzeak. Askotan, besteak ez molestatzeagatik dena guk egin nahi izaten dugu eta eragin negatiboa izaten du gure osasunean eta lanean. Onar dezagun: ezin dugu denarekin. Momentu batzuetan geldialdi bat egitea eta gauzak pixkanaka lantzea ezinbestekoa da, eta iristen ez garen kontuetarako laguntza eskatzea. Gure jakintza eta abileziak batzuk dira eta enpresa bat aurrera eramateko orduan horiek baino askoz gehiago behar dira. Beraz, guk ahal dugun guztia egitea ondo dago, baina, laguntza behar dugunean eskatzea ere beharrezkoa da. Egokia eta osasuntsua.

Superwoman edo supermanaren irudia burutik kendu dezagun eta bultza dezagun elkarlana, saretzea eta beharra dugunean, laguntza eskatzea.

Hasieran batez ere, ingurukoen laguntza beharko dugu: laguntza guk ez dakigun kontuak errazago egin ahal izateko, emozionalki babesteko, animatzeko, jende berria ezagutzeko, aditu desberdinen berri izateko, etab.. Gerora, behin laneko egunerokoa egituratzen dugunean, errazago burutuko ditugu lanak.

Edozerrekin ahal dugula esan digute txikitatik, horrela al da?