Badakizue euren kabuz ekiten duten negozioen %5ak soilik irauten duela 5 urtetara? Hau da, 5 urte baino iraupen txikiagoa izaten dutela ekintzaile berrien saiakerek; errentagarritasuna izatera ez direlako iristen. Datu hau benetan kezkagarria da, kontuan izanik, ekintzaile batek zenbat lan eta inbertsio egin behar dituen hastapenetan.

Beraz, jarduera berri asko ixten badira, errentagarritasunik ateratzen al zaie lehen urteei? Erantzuna ezezkoa izan ohi da. Eta gainera, autonomoak izanik ekintzaile txiki gehienak, egiten dituzten zorrak hurrengo urteetan pertsonalki ordaintzeko geratzen zaizkie,

Zer egin dezakegu ekintzailetza autonomoan errentagarritasuna lortzeko?

Beti esaten dugu, ekintzailetza ez dela bide erraza, eta denetik jakin behar dela, denetarako jakintzarik ez badugu ere. Hau horrela izanik, oinarrizko ezagutza batzuk eskuratu behar genituzke antolaketa, salmenta eta komunikazio arloetan. Datozen lerroetan arlo hauetan jakin beharreko gutxienekoak azpimarratuko ditugu, iruditzen baitzaigu, hauek gabe zaila dela garapen positibo eta esponentzial bat lortzea.

1. Antolaketa arloa:

  • Plangintza: beti izan behar dugu norantz joan nahi edo behar dugun zehaztuko digun plangintza bat. Hiru urteko eta urtebeteko ikuspegiduna egitea gomendatzen dugu, izan ere, komeni da urtez urte zein bilakaera nagusi izatea nahi edo behar dugun aurrez pentsatzea. Baliabideen plantilen atalean, ereduak deskarga daitezke.
  • Bideragarritasuna: jarduera berriarekin kostuak estaltzea lortu behar dugu, eta zorrik ez sortzea. Bideragarritasun plana egitea ezinbestekoa da, eta aurreikusten ditugun gastuei aurre egiteko adinako sarrerak nondik atera ditzakegun zehaztea. Bideragarritasun plana egiteko Canvas tresna deskarga daiteke, eta bereziki gomendatzen dizuegu tresna hau lasai eta patxadaz betetzea; etorkizunerako gako asko zehaztu baitaitezke bertan.
  • Errentagarritasuna: jarduera berria ez dugu soilik gastuak estaltzeko sortzen, soldata duin bat izateko baizik. Horregatik, ongi antolatu behar dugu gure egunerokoa, denbora ahalik eta laburrenean lan eraginkorra egiteko. Puntu honetan, gure zerbitzu edo produktu ezberdinak zehaztu behar ditugu, eta bakoitzarengandik zenbateko errentagarritasuna atera genezakeen kalkulatu. Ziur badela etorkizunean dibertsifikatzeko aukerarik, eta horren gainean ere pentsatu behar dugu. Zein zerbitzu edo produktu eskaintzeak ekar diezadake errentagarritasun gehiago?

2. Salmenta arloa:

  • Gure lana ongi egiteaz gain, bezeroekin harremanak egin behar ditugu, eta saldu. Ez da ekintzaile askoren indargunea izan ohi, eta horregatik, lanketa handia suposatzen duen arloa da salmentena.
  • Bezero potentzialen zerrenda egin behar dugu eta eurekin harremantzeko bideak topatu. Gure burua aurkeztu, egiten dugun lanaren berri eman, eta elkarlanerako aukerak ireki.
  • Salmenta arloari dagokion garrantzia eman behar zaio, izan ere, bikainak izan gaitezke lanean, baina, mugimendu ekonomikorik ez badugu, porrot egingo dugu.

3. Komunikazio arloa:

  • Gure irudia eta izena zehazteaz gain, rotulu eta euskarri grafiko egokiak pentsatu behar ditugu. Ekintzaileok gastuak murrizteko pentsamendua izan behar genuke, eta gutxi baina egokiak diren euskarrietan pentsatu. Horrela bada, komunikazio argia, zuzena eta gardena egitea gomendatzen dizuegu.
  • Sare sozialen egotea eta eguneraokoan argitaratzea gainbaloratutako gaia dela uste dugu. Izan ere, ekintzaile bati denbora gehiago lapurtzen diete ekartzen dieten onura baino. Horregatik, ongi erabaki behar da zein sare sozialetan egotea komeni zaigun (norberaren bezero potentzialak egongo direla dakiguna), eta egutegi bat egitea gomendatzen dugu argitalpenekin.

Espero dugu gako hauek baliagarriak izatea eta ikuspegi estrategikoa aplikatuz zuen jarduerei bultzadatxo bat ematea!

 

 

Ekintzailetza autonomorako gako nagusiak, errentagarritasuna lortzeko