Hizkuntzaren sexismoa ez dago hizkuntzaren baitan, norberaren buruan baizik. Beraz, oztopoak ideologikoak dira, eta horixe da gaur hizketagai izango duguna. Egoera eta errealitate sexistak egunerokoan ematen dira, baina, baita ez direnak ere. Hau da, egoera ez sexista bat, hizkuntzaren erabilera sexistaz deskribatuz gero, gertatzen ari denaren irui ezberdina ematen ariko gara, estereotipo eta ikuskera sexistak indartuz.

Sexismoa zer den azalduko dugu:

Sexismoa emakume eta gizonei balio, gaitasun eta jarduera ezberdinak egokitzea da, bakarrik duten sexuaren arabera. Baina oinarrian, eta gehienetan, sexu femeninoarekiko jarrera diskriminatzailea da: emakumeak diren edo egiten dutena gutxietsi eta mespretxatzen da, eta aldiz, gizonak diren edo egiten dutena goresten eta balioesten da. Errealitatearen ikuspegi sexista badugu, hau izendatzeko erabiliko dugun hizkuntza ere halakoa izango da.

Adibidea: “Horiek emakumeen gauzak dira!”

Androzentrismoa, berriz:

Androzentrismoa sexuaren araberako errealitatearen ikuspegi partziala da eta gizonak gauza guztien ardatz eta neurria kontsideratzera garamatza (“gizona”=”unibertsala”). Honela, gizonak errreferentzi gunea diren bitartean, emakumeak gizonen menpekoak dira. Errealitatea ikusi eta irudikatzeko era honek egiten dugun hizkuntzaren erabileran eragiten du eta horregatik lotzen da, zuzen-zuzenean, hizkuntzaren sexismoarekin.

Adibidea: “Gipuzkoar askok eusten diote txikiteoaren ohiturari.”

Euskarak ez du genero gramatikalik, baina hala ere, genero bereizketa edo erabilera sexista egiten da. Gainera, gaztelaniaren eragin handia du eta horrek bi erabilera desegoki gehitzea dakarzkio: kalkoak eta mailaguak hartzerakoan gertatzen dena. Hau da, gizonak izendatzeko
formak orokortzea egoera batzuetan (semeak, erregeak, boluntarioak, anaiak, jaunak…); eta izen neutroak sexu batekin identifikatzea (esaterako: medikua, futbolaria… gizonekin, eta erizaina, garbitzailea… emakumeekin), ondorioz, askotan, jauzi semantikoa egiten da.

 

Zein dira hizkuntzaren erabilera sexista gainditzeko gakoak?

  • Inbertsioaren araua: oso tresna erabilgarria da esaldi bat diskriminatzailea den edo ez jabetzeko. Horretarako, gizonak emakumeen egoeran jarri eta alderantziz, eta esaldia aldaketa horren arabera irakurri edo entzun.
  • Genero kutsadura saihestu: izen neutroak erabiltzean genero anitzetako pertsonak izan daitezkeela jabetu. Ez lotu lanbide bat genero batekin.
  • Maskulino orokortzailea saihestu: gaztelaniaren eraginez, euskaraz ere emakumeak eta gizonak osatutako taldeak izendatzeko batzutan maskulino plurala erabiltzen da, edo gizonak erreferenteak direnean. Hau da gaztelerazko “maskulino orokortzaile faltsua” deitzen
    dena, emakumeak baztertu eta ikusezinak egiten dituena.

Ondorio moduan, esango dugu, ikusarazi egin behar direla emakumeak hizkuntzan ere, horrela lortuko baita eurak ere izendatuak izatea. Protagonismo maila eta trataera berdina eman behar diegu, beren ekarpenak aitortu eta maila berean baloratu, baina, gizarteko arlo guztietan. Horrela, hizkuntzan lehenik eta eguneroko egitateetan ondoren, sexuen arteko desberdintasunak sortzen dituen ikuspegi androzentrikoa alboratzen badugu, historikoki baztertuak eta ikusezin izan diren emakumeen errealitatea lehen planora ekarriko dugu.

Hizkuntzak moldagarriak dira eta gure ikuspegia da zabaldu behar duguna. Sexismo eta androzentrismo propioak identifikatzera gonbidatzen zaituztegu, eta garbiketa bat egitea norbere buruan. Horrela, errazagoa izango zaizue hizkuntzaren erabilera ez sexista egitea.

 

Euskararen erabilera ez sexista egiteko gakoak
Tagged on: