Ekiten dugunean, gure produktu edota zerbitzuak zabaltzeko baliabideak eskura izatea ezinbestekoa da.

Hasieran, lehen egitekoa gure proiektua ezagutaraztea izan ohi da: zer eskaintzen dugun, non, nola, etab. Zabalpen hori egiten asmatzen badugu, eskaerak iritsiko zaizkigu, pixkanaka; hau da, dirua irabazten hasteko aukerak helduko zaizkigu. Baina, askotan ez dugu jakiten zein baliabide ditugun eskura, edota oso urrunak egiten zaizkigu eta esfortzu handia eskaini behar izate horrek froga ez egitera bultzatzen gaitu.

Hemendik, baina, saiatzera animatu nahi zaituztegu! Gaur egun, doako baliabide ugari ditugu eskura gure zerbitzuen berri era errazean eman ahal izateko eta ezezagutzak gehiegi ez saiatzera bideratzen bazaitu, ez etsi! Azken finean, hasieran eskainitako denbora hori, denbora-inbertsio bat izango da; gerora, berri onak ekarriko dizkizuna.

Ekiteko baliabideak

  • Enpresako telefono propioa.

Askotan esan ohi dugun moduan, ekiten dugunean, proiektu txiki batetik abiatzen gara normalean eta talde txikia izaten gara. Batzuetan, telefono pertsonalekin hasten gara eta hori ez da gomendagarria. Lana eta lanetik kanpoko denbora bereizi ahal izateko, telefono desberdinduak izatea garrantzitsua da. Bestela, bezeroek beren denbora tarteen arabera deituko zaituzte, eta agian denbora tarte horiek ez dute zure lan denborekin bat egingo. Beraz, gomendagarria da laneko telefono bat izatea, lanaz deskonektatu ahal izateko.

  • Webgunea.

Ez da atal askoko webgune bat izan behar: sinplea, baina, argia bada, nahikoa da. Sarean egotea gaur egun garrantzitsua da, gehienok zerbait bilatu nahi dugunean bertara jotzen dugu eta bertatik erosi edo eskatzen ditugu behar ditugun zerbitzu edota produktuak. Hori horrela izanik, webgunean gure aurkezpena, eskaintzen ditugun zerbitzuak eta kontakturako telefono eta helbideak bilduko dituen webgune batek itxura egokia eta presentzia digitala bermatuko dizkigu. Denda bat bagara eta online saldu nahi badugu, e-commerce-a ere gehi dezakegu webgunean, baina, hasiera baten beharbada ez da beharrezkoa izango. Proiektuaren arabera baloratu beharreko zerbait izango da.

  • Sare sozialak.

Beste post batzuetan ere esan izan dugu: ez da beharrezkoa sare sozial guztietan egotea. Gainera, oso azkar aldatzen dira eta zaila izan ohi da eguneratuta egotea, baldin eta arlo horrek erakartzen ez bagaitu. Baina, gure zerbitzu edo produktuen arabera, sare sozialen batean egoteak presentzia emango digu sarean, bezeroak erakartzeko aukera erraza, ikusgarritasuna, etab. Zabalduenak dauden sare sozialak hauexek dira: Facebook, Twitter, Instagram eta Tik Tok. Gehiago badauden arren, zabalduenak horiexek dira. Une honetan eta gure produktu edo zerbitzuak iragartzeko sare sozial egokiena Instagram da. Bertan irudiak du garrantzi gehien, baina, idazteko aukera eskaintzen du eta baita, historia bidez irudi eta bideoak zabaltzeko modua ere.

  • Whatsapp.

Bezeroekin harremanetan egoteko bide bezala erabili ohi dute dendari askok. Eskaerak jasotzeko, hitzorduak lotzeko, etab.

  • Canva.

Kartelak, eskuorriak, sare sozialetarako irudiak, bideoak, etab. Denetik sor dezakegu webgune honetan. Diseinatzen jakin gabe ere, bertan topa ditzakegu formatu desberdinetako txantiloiak; diseinuetarako elementu, argazki, kolore, etab. Hemen klik eginez gero, bertara sartu ahal izango zara. Saltseatzera animatzen zaitugu!

Ikus dezakezun bezala, baliabide ugari ditugu eskura gure proiektua zabaltzen hasten garenerako. Doakoak dira eta oso lagungarriak izan daitezke hasieran.

Zuri zer izan zaizu lagungarri ekiterakoan?

Gure produktu edo zerbitzuak zabaltzeko baliabideak
Tagged on: