Bezeroekiko harremanean, izan telefonoz, izan bileretan; lana denda batean egiten baduzu, aurrez aurreko tratuan; hizlari izatea suertatzen bazaizu zure proiektuak aurkezteko; formatzaile bazara, formakuntza saioetan… bide ugari daude eguneroko lanean jendaurrean hitz egitea ekar dezaketenak.

Urduritasuna, arnas estua, ideiak ez bururatzea, hitz egokiak ez topatzea, lotsagorritzea, tripako mina… ohiko emozio eta sentsazioak izaten dira jendaurrean aritzea ohituta ez dagoen edonorentzat.

Ibilian-ibilian, ordea, gainditzen eta eraldatzen diren emozioak dira. Eraldaketa, emozio positiboetara: asebetetzea, poza eta eszitazioa izan daitezke lortutako emaitzekin ados gaudenean senti ditzakegun emozio positibo batzuk.

Nola lortu ordea jendaurrean hitz egitean eroso sentitzea? Norberak bere ahultasunak ongi ezagutzea da lehen pausoa, horiek lantzen joateko ahalik eta indargune bilakatu arte.

Baina, orokorrean, honako urrats hauek lagungarri izan ditzakezu:

  • Prestatu ezazu aurrez hitz egin beharrekoa:

Nahiz eta ez jakin zehazki nola joango den jendaurreko harremana (bilera, telefono deia, zure dendara datorren eroslearekin tratua, hitzaldia, etab.) garrantzitsua da bakoitzean lortu nahi ditugun ideiak aurrez identifikatzea. Horrela, helburu horiek lortzeko zein ideia eta noiz planteatu planifikatu genezake. Aurkezpena, ideia nagusia, bigarren mailako ideiak ala eskakizun konkretuak, eta amaierako agurra.

  • Arnasketa landu:

Urduritasuna eta antsietateak gure gorputzak abiadura handian jartzen dituzte. Arnasketarekin lasaitu egingo gara: arnasketa sakonak, diafragmatikoak, tentsioa askatzen laguntzen digu gorputzetik. Arnasa ahotik botatzean, soinua ateratzen badugu, gainera, tentsioa eta minak arinago aterako zaizkigu. Beraz, jendaurrean hitz egin aurretik arnasketa sakon batzuk har ditzakegu gure gorputzeko tentsioak askatzeko. Era berean, arnasa lasai hartzen jarraitzea, motelago hitz egiten saiatzea, eta tonoa ez altxatzeak ere lasaitasunean mantentzen lagunduko digu.

  • Positiboki pentsatu:

Askotan geure buruan ditugu beldur eta emozio negatibo gehienak. Pentsatzen badugu oker egingo dugula, hanka sartuko dugula, ez zaizkigula hitz egokiak etorriko, ez garela zuzen espresatuko… litekeena da hori gertatzea. Beraz, utzi albo batera pentsamendu negatibo horiek guztiak, eta sinistu zure buruarengan: ongi egingo baituzu, ziur!

  • Zu zeu izan:

Saia zaitezke zure hainbat arlo hobetzen azken emaitza txukunagoa emateko, baina, argi izan zu zeu izanda lortuko duzula emaitzarik onena. Ez zaitez gehiegi urrundu zure izaeratik; horrek, urduriago jartzea soilik ekarriko baitizu. Naturaltasunez eta egoerak eskatzen duen zuzentasunez aritzea gomendatzen dizugu.

  • Gozatu momentuaz:

Lehenengo harremanetan urduri aurkitzearen arrazoi nagusietako bat, zure buruarekiko ziurtasun eza izan daiteke. Ikusiko duzu nola jendaurreko tratuak ugaritu ahala zure buruarekin eroso sentitzen hasiko zaren. Esperientzia pilatzen joango zara, eta batekin eta bestearekin ikasitakoarekin, momentu horietaz ere gozatzera iritsiko zara.

Jendaurrean hitz egiteko gaitasuna nola hobetu?