Entzun duzue inoiz lur itsaskorraren kontzeptua?
Lur itsaskorrak oztopoak adierazten ditu, pausoak emateko zailtasunak. Oinak lurrera itsasten zaizkizula irudikatzen du.

Emakumeoi historikoki esleitu zaizkigun genero-rolek eraginda, oraindik ere, zenbait zeregin guregain erortzen dira automatikoki: zaintza-lanak, etxeko-lanak, haurren hezkuntza eta jarraipena, etxeko ekonomiaren karga mentala.

Emakume ekintzaileok badakigu lana eta bizitza pertsonala kontziliatzea zein zaila diren, eta maiz, elkargurutzatzen dira, elkar oztopatzen dira, eta bata gailentzen bada, bestea galtzen ateratzen da.

Baina, paradigma aldaketa bat behar da. Zaintza-lanak errekonozitu behar dira eta pertsona bakoitzak dagozkion ardurak hartu behar ditu ingurukoen beharrak eta bere behar pertsonalak asetzeko. Ezin da gizarte patriarkal moduan jarraitu, desberdintasun sozialak erreproduzituz, emakumeengain utziz lan astun hauek guztiak, eta emakumeok obligazioz asimilatuz.

2023ko Eustateko datuen arabera, emakumeen langabezia tasa 2,3 handiagoa da gizonena baino; emakumeen pertsona-errenta 10.176€ gutxiago da gizonena baino. Eta datu hauetan eragina du, emakume askok ez dutela etxetik kanpo lana egiten zaintza-lanak egitearren; edota, pertsona-errenta baxuagoa dute lan partzialean edo lanaldi murriztuan dabiltzalako (lanaldi honetan gehienak emakumeak izaten dira). Honek, etorkizuneko jubilazio prestazioan eragin negatiboa du, noski, emakumeen kalterako.

Hau horrela izanik, gizarte bezala genero-estereotipoak baztertu behar genituzke, eta zaintza-lanak baloratu, berbanatu, eta oztopo ez izateko antolaketa pentsatu (pertsonala, bikotekoa, familiakoa edota komunitatekoa). Emakume ekintzaileok berrantolaketa hori beharrezkoa dugu, lana eta zaintzak uztartzeaz gain, ongizate pertsonala bermatzeko.

Pauso txiki askok eragin dezakete eraldaketa!

Lur itsaskorra