Teknologia berrien garaiotan, badirudi sare sozialetan egotea eta modu aktiboan argitaratzen aritzea dela edozein lan-jarduerari komeni zaiona. Baina, norberak jakin beharko luke, batetik, zein diren bere gaitasunak, bestetik, zein behar dituen errealki bere lan-jarduerak, eta azkenik, bere bezeroak non dauden.
Ekintzaile txikien kasuan, norberak egin behar dituenean laneko zeregin guztiak, baloratu egin behar da zer den eraginkorrena.
Sare sozialak: koherentziaz erabiltzeko urratsak
Sare sozialetan egote hutsak ez du bermatzen irudi ona emango denik. Sare sozialek dedikazio bat eskatzen dute, estrategia bat finkatzea eta koherentziaz argitaratzea albisteak.
Nola jakin negoziaren onurarako diren?
- Sare sozialek helburu bat izan behar dute: publiko hartzaile batengana iristeko bidea izatea, adibidez.
- Zure publiko hartzailea zein sare sozialetan dagoen ezagutu behar duzu.
- Eta sare sozial hori eraginkorki erabiltzen ikasi behar duzu. Horretarako, komeni da, ikastaro bat egitea.
- Sare sozialetan edukien estrategia bat finkatu behar da: zer, noiz eta nola komunikatu zehazteko. Baliteke batzuk astero argitaratzeko gaitasuna izatea, baina, beste batzuk nahikoa dute hilean behin zerbait argitaratzearekin.
- Zure iruditegiaren lanketa egin behar duzu: diseinu-estilo bat finkatu eta horren arabera argitaratu albiste guztiak. Hau da, ez erabili irudi bakoitzean tipografia ezberdin bat, kolore paleta ezberdinak, etab. Koherentzia grafikoa mantendu.
Sare sozialen erabileraren balorazioa:
Aurreko puntuak garatu ondoren, komeni da hilabete batzuk pasa ondoren, egindako lanaren eta jasotako emaitzaren ondorioak baloratzea.
- Egindako esfortzuak eraginik sortu du ingurune digitalean?
- Eta ingurune fisikoan?
- Eskariak igo zaizkit?
- Bezero berriren bat gerturatu zait?
- Eroso iristen naiz Sare sozialetako estrategia betetzera? Edo denbora asko lapurtzen dit nire eguneroko lana garatzeko?
- Nire onurarako dira Sare sozialak ala denbora galtzen dut scroll-a eginez?
Gure gomendioa da koherentziaz erabiltzeko estrategia bat finkatzea, aurrelanak egitea (argazki egokiak bilatu edo atera, mezu garrantzitsuak prestatu, produktuen edo zerbitzuen aurkezpena prestatu…) eta maiztasun konkretu bat erabakitzea, zeinak, zure lanaren garapenean ez dizun oztopatuko, denbora galduaraziz.
Sare sozialen kudeaketagatik itota zabiltzala ikusten baduzu, argitalpenen maiztasuna jaitsi. Garrantzitsuagoa da negoziaren alderdi estrategikoari dedikatzea denbora eta esfortzua, sare sozialetan 5 publikazio gehiago edo gutxiago egitea baino.
Indarrak beharrezko den horri dedikatu.