2023a ere iritsi da eta urtarrilari aurre egiteko estrategiak pentsatu eta martxan jartzen ari gara. Zuek nola hasi duzue urte berria?

2023a martxan dugu jada! Nola amaitu zenuten 2022a? Proiektu txikien bideragarritasuna eta bizi iraupena mantentzea ez da lan erraza izaten, baina, askotan behintzat posible izaten da. Ez beti, eta hori ere kontuan izan behar da.

Hau da, gogoa, ilusioa, dirua, baliabideak eskainita ere, badaude proiektu eta momentu batzuk non gelditu egin behar garen. Batzuetan gure proiektua alde batera utzi beharko dugu osasun arrazoiengatik, besteetan arrazoi ekonomikoengatik. Gerora martxan jarriko gara eta proiektuak aurrera egiten badu, primeran!

Baina, beste batzuetan, proiektua behin betiko itxi beharko dugu. Horrek tristura, frustrazioa, amorrua eta inpotentzia sentitzera eramango gaitu ziurrenik eta hori guztia sentitzeko tartea eskaini behar diogu gure buruari. Azken finean, ilusioa, gogoa, denbora, baliabideak eskaini dizkiogu proiektu horri eta bertan behera utzi beharra ez da erraza.

Hori horrela izanik eta emozio horiek sentitzeko tartea hartu ostean, hausnartzea ere beharrezkoa da. Zergatik ez du aurrera egin nire ideiak? Agian denda jarri dudan lekua ez da egokia? Nire proiektua garatzeko hiri/herri txikiegia da? Ez dut ondo egin nire online dendaren zabalpena? Nire produktuen kalitatea egokia izan da? Nire zerbitzua zuzena izan da? Egoera sozialak eragin du? Etab. Batzuetan azkarregi hasten ditugu proiektuak, bideragarritasun planari denbora gehiegi eskaini gabe, ilusioa gailentzen da eta burokraziak pereza ematen duenez, pauso asko ez ditugu egiten. Batzuetan horrek eragin negatiboak izaten ditu. Hori dela eta, gure gomendioa hasieran egin beharreko azterketa eta analisi guztiak egitea da, proiektua abiatzen dugunerako berme gutxieneko batzuk izan ditugun.

Hala ere, jakina da proiektu bat amaitzeko arrazoi ugari egon ohi direla. Aipatutako galdera horiek eta beste hainbeste erantzun ondoren, gertatu denetik ikasi eta bizitzako beste etapa bat hastea litzateke egokiena. Jakitun gara gehienetan ez dela hain erraza izango, egin den inbertsio ekonomikoaren arabera egoera oso zaila izan litekeelako. Egoera horretan bazaude, ziber-animo pila bidaltzen dizkizugu eta laster irtenbidea topatuko duzulakoan aurrera egitera animatzen zaitugu!

2023a nola hasiko dugu?

Gu gogoz hasi gara! Proiektu polit eta interesgarriak ditugu esku-artean eta oso pozik gaude. Zu? Zein egoeratan daude zure proiektu eta egunerokotasunak? Ondo badaude, asko pozten gara; eta hala ez bada, animoak helarazten dizkizugu post xume honen bidez.

Urte berriak ilusionatzeko moduko proiektu eta bideak ireki ditzala 😉

2023a hasi dugu!