Beatriz Egizabal ekintzailea dakarkigu gaurkoan, ipuin kontalari, narratzaile eta antzezle feminista. Ezagutzen dutenek badaki zein algara sorta sortzen dituen bere ikuskizunetan, ixildu gabe ideia bat bestearen atzetik botatzen eta errealitateak umoretik kontatzen.

Ibilbide profesionala:

Lasarte-Oriarra da Beatriz, eta ibilbide luzea da kulturgintzan. Ipuin kontalari gisa hasi zen, ondoren, klown bezala, eta gaur egun aktore feminista da, berak sortutako ikuskizun propioekin girak eginez Euskal Herrian zehar.

2017 urtean Ane Labaka bertsolariarekin batera Erradikalak ginen eta Erradikalak gara emanaldiak prestatu zituen, eta herriz herri ibili ziren ikuskizuna eskaintzen. Aretoak bete eta algaraka jartzen zituzten bertaratuak. Ikuspegi feministaz sortutako emanaldiak ziren, indar handikoak eta umore bizikoak.

Ondoren, ziklo hori bukatzean, Beatrizek bakarkako emanaldia prestatu zuen: Magma mia izenekoa. Feminismotik sortutako anekdotak, bizipenak eta ikuspegia zabaltzen ditu emanaldi honetan. Ikaragarria da errealitatea nola kontatzen duen umoretik, taburete bat soilik lagun duela eskenatokian. Kontatzen dituen egoera guztiak irudikatzen laguntzen du eta publikoarekin erabateko konexioa sortzen du; identifikatuak sentitzen direnez, algaratan lehertzen baitira.

Ederra da gustatzen zaizun horretan ibilbide profesionala garatu ahal izatea: Beatriz txikitik hasi zen, eta handi egin da. Handia zara Beatriz, jarraitu gogotsu umore feminista eraikiz!

 

Sare sozialetan aurkituko duzu:

Beatriz Egizabal
Tagged on: