Dina Bilbao Barruetabeña Ondarroan jaio zen 1960 urtean, eta Karibe itsasoan zebilela hil zen 1997 urtean. Kirolari nekaezina izan zen, triatloian eta kirol-abenturetan aski nabarmendua. Hain zuzen ere, Euskal Herrian aitzindaria izan zen modalitate ezberdinetan: triatloian, iraupen eskian, duatloian, txirrindularitzan eta baita piraguismoan ere.
1983 urtean Tolosara bizitzera joan zenetik, kirola, natura eta abentura uztartzeari ekin zion, bizimodu eta bizibide propioa eraikiz. Bidaiatzea maite zuen, ekologia, feminismoa eta abenturazaletasuna bere-bereak izanik, beste herrialdeetako kulturen jakin-minez izaten zen beti.
Aurrez esan bezala, zenbait kirol modalitatetan aitzindaria izan zen bezala, kirol anitzetan emakumeen parte hartzea sustatzen zuen, harro izanik bera emakume izateaz, eta bere ingurunean kirol arloan ibili nahi zuten emakumeei laguntza eta babesa eskainiz. Zentzu honetan, parte hartzea sustatzeaz gain, emakume eta gizonezkoentzat sari berdinak banatzeko borroka egin zuen.
Bere gazte garaitan ez zen kirola sustatzen emakumeen artean, eta horregatik, gaur egun baino beranduago ekin ahal izan zion lehiaketan parte hartzeari. Hala ere, nekaezina zenez, ehun triatloi baino gehiago egin zituen, beste berrogei bat neguko triatloi, eta hirurogei bat duatloi. Berdin zitzaion luzeak ala laburrak izan, etxe aldamenean ala urrutiko lurretan. Horietatik ugari irabazi zituen, nahiz eta, ez zen hori bere helburu nagusia. Sei aldiz Iron Man munduko triatloi gogorrenean parte hartu zuen.
Ez zen geldirik egoteko pertsona, eta espedizio ugari egin zituen: Nilo ibaia piraguan jaitsi; Izozteko zorian egon zen Kanadako Yukonen; Norvegiako Iparraldeko lurmuturrera joan bizikletan; Laponiako eski zeharkaldia; Groenlandiako zeharkaldia; Artikotik Tropikora zeharkaldia; eta azken bat, beste hiru emakumerekin batera Andaman uharteetan arraun-espedizioa; azken horretan ondoko esaldia utzi zuen idatzita egunerokoan: «Bide nagusitik ateratzen denak urrats eta arrasto hobeak uzten ditu, eta norberari nabarmenagoak gertatzen zaizkio».
1997. urteko ekainean desagertu zen Karibe itsasoko uretan (Iñigo Ross Iztueta bere bikotearekin batera). Grenadako uhartetik, Antiguara itzultzen ari zirela, ekaitz gogor batek ezustean harrapatu zituen.

