Emakume batzuek barne behar batengatik ekiten dugu, beste batzuk, aldiz, behar soilagatik; baina, denok oztopo antzekoak izaten ditugu ekite bidean, beraz, gaur aurkeztuko dizuegunaren moduko baliabideak izatea oso erabilgarria da ekitea erabakitzen duten emakumeentzat.

“El libro rojo de las mujeres emprendedoras” Guernica Facundo Vericat emakume ekintzaile, ama eta COMPLEMENTUMeko sortzaileetako batek idatzitako liburua da. Bera entzun eta bere pentsaeraz gehiago jakin nahi baduzu, hemen klik eginez, Burgosen duela urte batzuk eman zuen hitzaldia ikusi ahal izango duzu.

Emakume ekintzaileon egoeraz, kontuan hartu behar ditugun xehetasunez eta erabilgarriak zaizkigun baliabideez idazten du Facundo Vericat-ek era argi eta irakurterrazean. Emakumeen independentzia ekonomikoa aldaketarako giltza dela dio, azken finean, bizi garen jendartean aurrera egiteko errekurtso ekonomikoak izatea beharrezkoa delako. Horretaz gain, emakumeok egunerokoan ditugun oztopoez, kulturak gure ekintzailetzan duen eraginaz, emakume erreferenteen faltaz, etab. hausnartzen du liburu gorri honetan.

Emakume ekintzaileek kontuan izan beharrekoak:

Liburua hiru atal nagusitan banatuta dago:

  1. Ekintzaile izan edo ez izan, hori da lehen galdera nagusia.
  2. Proiektu bat duzu?
  3. Proiektua nola kudeatu badakizu?

Hiru atal horien baitan kontuan hartu beharrekoak aipatzen ditu: testuingurua, norberaren ahalmenak eta moldatzeko aukerak, bakoitzaren bizitza pertsonala zein den eta horrek ekintzailetzan nola eragin dezaken, emakumeen ikusgarritasuna, etab. Datu, esperientzia eta hausnarketak tartekatzen ditu aipatutako gaiak era osatuan eskainiz.

Foku egokia duten baliabideak eskura izatea lagungarria da eta, are gehiago, errefenterik ia ez dugun eremu honetan (beste hainbatetan bezala, zoritxarrez) eta nora begiratu ere ez dakigunean ekiteko orduan. Hori dela eta, liburu hau oso gomendagarria iruditzen zaigu.

Alde batetik, emakume bat delako idazten duena, emakumeen egoeraz jarduteko; askotan, gizonezkoak dira-eta emakumeez jarduten dutenak, nahi izanda ere, ezinezkoa denean eurek guk bizi ditugunak bizitzea (guk ez ditugun pribilegioak dituzte eta beste tratu bat jasotzen dute jendartean). Bestetik, idazlea bera ekintzailea delako eta hori liburuaren enfokean oso nabaria da. Eta azkenik, bera erreferente bilakatzen delako liburua partekatzeko erabakia hartu duen une beretik, emakume ekintzaile erreferente bilakatuz guretzat. Melitta Bentz aipatu genuen duela hilabete batzuk, emakume ekintzaile ausarta izan zen alemaniarra eta aitzaki horrekin erreferenteen beharra aldarrikatu genuen. Oraingo honetan, gertuago dugun eta gure garai bereko emakume erreferente baten lana zabaldu nahi izan dizugu.

“El libro rojo de las mujeres emprendedoras” liburua