Euskara ardatz al da zure enpresan? Euskaraz lan egiteko jarrera eta baliabideak jartzen dituzu? Kontziente zara egunerokotasunean euskarari ematen diozun lekuaz?

Diagnostikoa:

Euskara plan bat egiteko abiapuntua diagnostiko txiki bat egitea da. Horretarako, baliagarri izango zaizu AMIA matrizea erabiltzea; bertan, zure ikuspegi autokritikoa landu behar duzu.

  • Zure jardueraren Ahulgune eta Indarguneak

Zein dira zure enpresaren ala jardueraren ahulgune eta indarguneak euskarari dagokionez?

Atal honetan, euskarari zein leku eta zenbat denbora eskaintzen diozun azter zenezake. Hau da, lan tresnak euskaraz dituzu ala sortzen dituzu? Zerbitzua euskaraz eskaintzen duzu? Lehen hitza euskaraz egiten duzu? Zure bezero eta hornitzaileak euskaldunak dira? Euskaraz egin dezakezu horiekin? Euskara balio erantsia da zure zerbitzu ala produktuan? Errotulazioak, komunikazioa… euskaraz egiten duzu? Webgunea, eskuorriak, publizitatea euskaraz egiten duzu?

  • Merkatuaren eta kanpo ingurunearen Mehatxuak eta Aukerak:

Zein dira kokatuta zauden merkatuaren ala ingurunearen mehatxu eta aukera nagusiak?

Atal honetan, lan merkatuak ala inguruneak eskaintzen dizkizun aukerak eta mehatxuak zein diren azter zenezake. Hau da, badaude lanerako software eta tresnak euskaraz? Badago hornitzaile euskaldunik? Euskara abagune izan daiteke zerbitzua eskaintzeko? Bezeroek euskaraz hitz egiten dute? Bezero berriak topa ditzakezu euskaraz aritzeagatik? Euskararen normalizazioak aukerak eskaintzen dizkizu?

Behin azterketa hau eginda, AMIA matrizearen ondorioak atera behar dituzu. Hau da, bertan agertutako indarguneekin jarraitu behar duzu, eta ahulguneei, berriz, arreta jarri behar diezu. Ahulgune bakoitza gainditzeko ekintza bat pentsatu beharko duzu, eta horrela, bigarren urratsera pasako zara.

Ekintza plana:

Norberaren egoeratik abiatuta egin behar da ekintza plana, eta horregatik, ez dira bi ekintza plan berdin egongo. Baina, laguntza moduan, ekintza positibo batzuk proposatzen dizkizugu:

  • Bai Euskarari ziurtagiria atera: lana eta zerbitzua euskaraz egiten duzula bermatzeko.
  • Lan tresnak euskaraz erabili: posta elektronikoa, nabigatzaileak, sistema eragilea…
  • Komunikazioa: euskaraz ala elebitan egin, eta elebitan eginez gero, euskara ipini lehen lerroan. Gogoratu, euskaraz ongi idaztea funtsezkoa dela eta eman bere garrantzia eta denbora gai honi.
  • Euskararen sustapena: barne dekalogo ala irizpideen zerrenda bat egin, euskara barne eta kanpoan sustatzeko.

Ekintza plana osatzeko, epeak zehaztu behar dituzu. Horrela bada, ekintza bakoitzari data bat esleitu, zure lan egutegian txertatu eta egiten joan.

Epealdia amaitzean, berriro hasieratik hasi, eta bigarren plana osatu 😉

Euskara plana zure enpresa txikian
Tagged on: