Euskaraz lan egitea posible dela erakutsi da urte luzeetan; jarrera kontua dela esan genezake. Hau da, euskaldun asko gabiltza lan-munduan, bai enplegatu moduan baita autonomo moduan ere. Gure artean ezagutzea eta elkar laguntzea dagokigu, euskaraz egunero lan egiten jarrai dezagun.

Euskaraz lan egiten duten enpresa eta erakunde askok hainbat zigilu izaten dituzte, urtero berritzen direnak, eta barne politikan euskarari ematen zaion garrantzia eta lekua adierazten dituena.

Zigilu horien artean ditugu:

  • Bai Euskarari ziurtagiria. Bai Euskarari elkarteak esleitzen du. Hiru ziurtagiri mota eskaintzen dituzte: bidean, zerbitzuan ala euskara lanean eta zerbitzuan.
  • Bikain ziurtagiria. Jaurlaritzak esleitzen du. Hiru ziurtagiri mota daude: beltza, zilarra eta urrea.

Eta zigilurik gabe ere, norberaren webgune, sare sozial zein aurrez aurreko komunikazioetan euskaraz aritzeak ere euskararekiko posizionamendu garbia adierazten du.

Zer egin genezake euskaraz egunero lan egiteko?

  1. Dauzkagun euskarri administratiboak euskarara ekarri: fakturak, aurrekontuak, kontabilitateko fitxategi eta programak…
  2. Dauzkagun diseinu-euskarriak euskarara ekarri: logotipoa, dokumentuetako goiburu eta oinak, webgunea, sare sozialetako goiburu eta edukiak, emaileko sinadura…
  3. Harremanetan euskara lehenetsi: telefonoz, aurrez aurreko bileretan ala elkarrizketatan, sare sozialetako post eta elkarrizketetan…

Ereduak nahi badituzu, bilatu euskaraz lan eta bizi diren enpresak eta erakundeak. Jarraitu sare sozialetan eta ikasi euren ibilbideaz.

Denok egiten badugu pixka bat, urrats handia eman genezake elkarrekin!

Euskaraz egunero. 

Euskaraz egunero
Tagged on: