Hamar urte barru euskararen arnasgunerik ez dela egongo adierazi dute berriki UEMAk egindako ikerketa batean (iturria: Argia).
Modu honetara laburbildu dituzte Norantz doa euskara? Hego Euskal Herria 2036 proiekzio demolinguistikoa ikerlanaren ondorioak:
“Euren eguneroko bizimoduan inguruan nagusiki erdara duten euskal hiztunak gero eta gehiago izango dira”.
“Gero eta gehiago izango dira euskara lehen hizkuntza bakar gisa izango ez dutenak, erdaraz euskaraz baino erosoago egingo dutenak, eta baita euskara menderatzen ez duten euskal hiztunak ere”.
Euskaraz ekitea, beraz, ezina, ala, ezina ekinez egina?
Euskaldunontzat euskaraz bizi eta lan egitea, gure nortasunaren parte da eta hizkuntza eskubidea. Ekintzaile moduan, hautu ezberdinak har ditzakegu gure jardun ekonomikoa mantendu edo bizkortzeko: euskaraz aritu, euskaraz gain erdaraz ere aritu, ala erdara lehenetsiz euskara sinbolikoki soilik erabili.
Lan munduan euskararen sustapena bultzatzen duen Bai Euskarari ziurtagiriak, urtero ziurtagiridunei jarraipeneko bilera bat egiten die, urtean izandako arazo, oztopo edo aurrerapenak zein izan diren jakiteko.
Hau da, euskaraz ekin, eskaini, jaso eta bizi nahi duenak, badu sarea. Baditu erosleak, baditu laguntzaileak, eta baditu hornitzaileak. Ziurtagiria eduki edo ez eduki, euskaraz komunikatzean dago gakoa: hau da, komunikazio euskarriak euskaraz egiten badira (webgunea, kartelak, sare sozialetako albisteak, eskuorriak, prentsa publizitatea…), euskaraz lan egiten dela adierazten da. Telefonoa hartzean lehen hitza euskaraz egitean bezalaxe. Email bat bidaltzean, sinaduran, euskal esaldiak jartzea bezalaxe.
Keinu bat nahikoa da euskaraz lan egiten dugula adierazteko. Baina, keinu hori beharrezkoa da, gu geu ere euskaraz aritzeko konprometituta gaudela islatzeko. Posible da euskaraz lan egitea, euskara lehenetsiz, bai noski. Eta hori, bizi eredu bat da: euskaldunon bizi-eredua, hain zuzen ere.
Ekintzailetzaren ibilbidea:
Ekitea ez da erraza, ekiteko bidea gorabeheratsua da, nekeza. Baina, erabakiak guk geuk har ditzakegu, eta hasiera hasieratik, gure baloreak zein diren identifikatzeak lan-merkatuan posizio bat hartzera bultzatzen gaitu. Balore nagusia hizkuntzaren hautua da. Euskara lehenesteak, euskal merkatuan lekua egitea dakar, eta horrek ez du esan nahi, beste hizkuntzen merkatuan ez duzunik lekurik izango.
Euskarari prestigioa norberak eta guztiok ematen diogu.
- Norberak: euskara lehenetsiz bizi delako (lanean, aisialdian, etxean, kalean…)
- Guztiok: hornitzaile euskaldunak bilatzen eta baloratzen dituelako, bezero euskaldunei euskaraz eskaintzen dielako, komunikazioan euskara lehenesten delako (eman eta jasotzean).
Jarrai dezagun euskaraz ekiten! Eta bidea elkarrekin egiten!
