Mari Luixa Erdozio Etxeberri 1846 urtean jaio zen Lapurdiko Azkaine herrian eta 1925 urtean hil zen Donibane Lohizunen. Ipar Euskal Herrian ezagutzen den lehen emakume bertsolaria izan zen.

Lanbidez laboraria bazen ere, bertsolari bezala ere aritzen zen. Lore jokoetan, hain zuzen ere, hiru aldiz parte hartu zuen eta hiruretan jaso zuen sari bat. Hori da behintzat garaiko kazetetan argitaratutako informaziotik berresten dena, baina, garai haietan ez ziren urtero egiten Lore jokoen kronikak, eta horregatik, uste da, gehiagotan ere parte hartu izango zuela.

Garaiko emakumeei esleitutako genero-rolei aurre eginez, bere irudimen, inteligentzia eta konstantziaren ondorioz, plaza publikoan bere iritzia ematen aritzeak, modu inprobisatuan, emakume aurrerakoi eta indartsua zela iradokitzen digu. Gerora, omenaldi feministetan modu honetara aitortzen diote bere ahalegin eta dedikazioa:

“oraindik ere ez pentsa
ez da hain gurea oholtza
oraindik ere ditugu
beldurra mina ta lotsa
hortaz eskertu nahi dizut
gaur dezakedala goza
zuri eskerrak baitaukat
nik ere hemen ahotsa”.

(Emazteak plazarat ekimena, Maddi Ane Txoperena bertsolariak Mari Luixa Erdoziori kantatua)

 

Mari Luixa Erdozio

Mari Luixa Erdozio