Gure lan-ibilbideko baloreak finkatzea ez da ariketa arina izan ohi, eta hasieran zenbait balore oinarrizkoak badira ere, bidean, beste batzuk ere bihurtu daitezke ezinbestekoak. Hasieran edo bitartean, baina, gure lan-ibilbideko baloreak finkatu behar dira noizbait. Eta ondoren, urtearen amaieran, hori ere baloratu behar dugu: zenbateraino ari gara gure burua definitzen dugun balorea betetzen? Koherentzia aplikatzen dugu nahi dugunaren eta egiten dugunaren artean?
Gure lan-ibilbideko baloreak finkatzeko ideiak:
Balore ezberdinetan lerratu dezakegu gure lan-jarduna: ekologia, eraginkortasuna, zintzotasuna, kalitatea, ekitatea, berdintasuna, maitasuna, zaintza, euskara, bertakoaren apustua, gertutasuna, etika… baina, lerratu behar gara baten batera.
Adibidez, eskain dezakegu kalitatea, gertuko tratua, eraginkortasunez lana egitea eta gure buruak zein bezeroenak zaintzea. Izan daitezke horiek gure baloreak, eta orduan, koherentzia mantentzeko, zer da egin beharko genukeena?
- Balore bakoitza zintzotasunez betetzeko baliabideak eskuratu beharko ditugu (baliabide teknikoak eta profesionalak eskuratzen)
- Zeharlerrotasuna landu beharko dugu (hau da, ezingo dugu kalitatezko produktu bat sortu, kalitatezko lan-baldintzak ez baditugu bermatzen; ez da koherentea hori).
- Pertsonak erdigunean jarri behar ditugu (benetako beharrak asetzera enfokatu beharko dugu gure lan-jarduna, eta ez kea saltzera edo engainatzea oinarri duten praktika desegokiak eskaintzera). Bai bezeroak eta baita gu geu ere.
- Baloreak konstantzia batekin bermatu ahal izateko eguneroko inplementazioan kontuan hartu behar dira (baloreak ez dira urtean behin kontuan hartzeko, edota paper batean idatzita edukitzeko; egunerokoan aplikatu behar dira).
Baloreen lanketa egiteko tresna:
Momentu honetan, egiten ari zarena gelditzera gonbidatzen zaitugu. Goazen norberaren baloreetan pentsatzera. Hausnartu zein balore ari zaren dagoeneko jarraitzen, eta zeintzuk eskuratu nahi zenituzkeen epe labur-ertainera.
Horretarako, taula bat osatuko dugu 3 zutaberekin:
- Zerrendatu dagoeneko eskuratuta dituzun baloreak: nor zara, zer eskaintzen duzu eta nola egiten duzu balore horiek bermatzeko.
- Zerrendatu eskuratu nahi zenituzkeen baloreak: zertara ez zara iristen, eta iritsi nahiko zenuke.
- Zerrendatu dagoeneko dituzun eta eskuratu nahi dituzun baloreak mantentzeko egin beharreko zereginak: zein hobekuntza egin beharko zenituzken azaldu kasu bakoitzean.
Eta taula horren amaieran, lerro bat gehituko dugu:
Urte amaieraren balorazioa: baloreak betetzen ari naiz? Zein neurritan? Zein aldaketa egin beharko nuke hurrengo urtean? Hausnartu eta baloratu urte osoaren ikuspegia kontuan izanik.
Hauxe da eskaintzen dizugun lan-tresna, hausnarketa horren muina biltzeko:

