Burnout hitza noizbait entzun duzu? Zer esan nahi duen badakizu? Interesa baduzu, irakurtzen jarraitu 😉
Laneko burnouta, lanean erreta egotearen sindromea ere esaten zaiona, neke fisiko, emozional eta mentaleko egoera bat da. Lan-esparruarekin, lanak eragindako estresarekin eta langilearen bizimoduarekin lotuta dago. Ondorio oso larriak izan ditzake, bai eremu fisikoan, baita psikologikoan ere.
Sintoma ohikoenetako bi depresioa eta antsietatea dira, laneko baja gehienak eragiten dituztenak.
Hauek dira alerta-seinale izan daitezkeen egoerak maiz gertatzen direnean:
- Lanean leher eginda sentitzen zara.
- Kosta egiten zaizu zure lanarekin pozik sentitzea.
- Lanean kontzentratzeko arazoak dituzu.
- Batzuetan gehiegi erreakzionatzen duzu lanean, nahi gabe.
Burnout sindromea, gehienetan, ogibidea bokazioz aukeratu duten pertsonengan agertzen da (oso ohikoa da osasun-arloko profesionalen, irakasleen eta gizarte-langileen artean. Ondorioz, baita ekintzaileengan ere). Nahiz eta hasieran agerpenak eta ondoeza lan-bizitzara bakarrik hedatu, azkenean, ia egoera guztietan, eraginpeko langilearen gizarte eta familia bizitzara ere iristen dira.
Halako egoerarik eman ez dadin, maila profesionalean aldaketak eman behar dira. Enpresa handia bada sortu duguna, enpresako antolaketari, harremantzeko moduei, etab. erreparatu beharko diegu eta ahal dugun neurrian, aldaketak egin, burnout sindromea ahalik eta urrunen izan dezagun. Baina, enpresa mailako aldaketez haratago, norberak kontuan har ditzaken puntu batzuk ere badaude.
Noizbait egoera bizi baduzu, maila pertsonalean egin ditzakezunak hauexek izan daitezke:
- Psikohezkuntza eta autoezagutza. Burnouta eta hura sortzen duten faktoreak ezagutzea, baita kasu partikular bakoitzaren atzean dauden inguruabarrak ere.
- Estresari aurre egiten ikastea. Erlaxatzeko eta arnasteko tekniken bidez, besteak beste.
- Itxaropenak errealitatera egokitzea.
- Autoestimua hobetzea.
- Erresilientzia eta asertibitatea lantzea.
- Ohitura osasungarriak. Elikadura osasuntsua izatea, tabakoa, alkohola eta beste droga batzuk alde batera uztea eta ariketa fisikoa erregulartasunez egitea funtsezkoak dira estresari aurre egiteko, eta osasun mentalean laguntzen dute.
Ez da erraza izaten aipatutakoak egunerokoan egitea, lanez gainezka gaudenean. Baina, prebentzio metodo bezala ulertu behar dugu. Ekintzaileek karga handia izan ohi dugu gure gain (enpresaren jarraikortasuna, familiaren iturri ekonomikoa izatea, bezeroekiko konpromisoa, etab.) eta erraza da egoerak gainezka egitea.
Hasiera batean indartsu egon gaitezke eta egoerari azarorik gabe aurre egiteko indarra izan dezagu, baina, desgastea geroz eta handiagoa izango da denborak aurrera egin ahala, ondorioak okerragoak izango dira. Norbere burua zaintzea ezinbestekoa da, ez ahaztu. Gu gaizki bagaude, gure proiektua ere gaizki egongo da.