Badirudi gaur egun guztiok izan behar dugula sare sozialetan adituak eta nolabait inguruan eragin behar dugula. Baina, influencerraren epemuga existitzen dela jakina da, izan ere, noiz arte sortu ditzake pertsonak eduki originalak, formatu originalean eta jendartean interesa dutenak? 

Gu beste bide batetik goaz, eta zuri ere gomendio hori egingo dizugu:

Hautsak asko harrotu beharrean eta bideo biral perfektuaren bila denbora galdu beharrean, zure lanean zentratzea gomendatzen dizugu. Egin dakizun hori ahalik eta ondoen, jarraitu zure egunerokoan lana gustura egiten, eta erabaki txiki eta handiak ongi pentsatuz hartzen.

Jarraitu momentuko komunikazio-joeren ildoren bati, baina ez guztiei. Hau da, zure lanean azken kontsumitzailearengana iritsi behar baduzu, pentsatu zer den pertsona horiek behar dutena zure lanaren berri izan dezaten. Eta saiatu hori eskaintzen. Zertaratako egon mila sare sozialetan, zertarako grabatu mila bideo egunean, edota mila argazki… atsegiteek ez diote dirurik ematen jende gehienari.

Guk behar duguna gure lanaren jakintza inguruan zabaltzea da, eta jendeak guganako konfiantza izatea. Eta konfiantza ez da influencerren bitartez sortzen, horiek entretenimendurako edukiak sortzen dituzte; konfiantza sortzeko lana ondo egitea eta zuretaz jendeak ondo hitz egitea behar da.

Beraz, zure lanean inplikatu, zure ingurunean ere bai (kalean, auzoan, herriko elkarteekin…), atxikimenduak adierazi euskara sustatzeko egitasmoei edota zure auzo eta herrian sustatzen diren beste egitasmo herrikoiei. Gerturatu herritarrengana eta gertu izango dituzu eurak ere. Hitz egin jendearekin, bilerak egin lan komertzial moduan, aurrez aurreko goxoa eskaini, zarena azalduz eta egiten duzuna argi azalduz.

Eta denbora baduzu, noizean behin, ito gabe, sare sozialetan ipini zure lanen inguruko informazioa. Oinarrizkoa hauxe litzateke, bi astean behin post bat idaztea (Instagram-en adibidez), argazki batekin (zu lanean edota egin duzun azken lanaren emaitza erakutsiz). Azaldu pixka bat zein lan egin duzun, nola egin duzun, eta balorazio txiki bat ere lana egiten nola sentitu zaren azaltzeko.

Inurri lanak ez du epemugarik, etorkizun oparoa opa dizugu!

 

Influencerraren epemuga
Tagged on: