Martzelina Elesgarai Busturian (Bizkaia) jaioa, 1877an eta 85 urterekin hil zen 1962 urtean. Baserritik hiri handira joan zen lehenik neskame lanetan aritzera, baina, bere sukalderako eta ekintzailetzarako doaiak tarteko, ostalaritza sektorean murgildu zen.

Martzelina ElesgaraiBilbon La busturiana izeneko enpresa sortu zuen, eta Bizkaiako mugak gainditu zituen etxez etxeko janaria banatzeko sistemarekin. Bere espezialitatea bakailaoa prestatzea zen, eta hura saltzen ospe handia lortu zuen. Emakume langilea, antolatua eta eraginkorra zen Elesgarai.

Bere Bilboko denda Hernani kalean zegoen kokatuta, San Francisco kaletik oso gertu. Lehen gerraostean kale berean jatetxea zabaldu zuen. Hiritarren onespena zuen Elesgaraik eta prestigio handiaz gozatzen zuen. Hau dela eta, bakailao prestatua bidaltzen hasi zen penintsula osoko eskariei erantzunez, eta baita Parisera ere. Horretarako tren bidezko banaketa sistema erabili zuen. Neguan hotzean kontserbatzeko arazo handirik ez bazuen ere, udan zailtasunak topatzen zituen.

Martzelina Elesgarai ekintzaile izateaz gain 9 seme-alabaren ama ere izan zen, eta etxean nahiz enpresan lan handia egindako emakume adoretsua izan zen.

 

 

Bere argazki gehiago: Eusko Ikaskuntzaren webgunean aurki ditzakezu. 

Martzelina Elesgarai