Autonomo izateak pragmatikoa izatea dakar, baina, pragmatismoa langile guztiei datorkie ondo. Izenburuko galderak erraza dirudi, baina, ba al dakigu egutegia nola erabili? Egutegian nola txertatu zereginak? Egutegia noiz begiratu? Eta nola egin jarraipena? Egutegiaren erabileraren arabera, eta egutegi hori betetzeko jartzen ditugun lehentasunen arabera, gure praktikotasuna hobetu edo okertuko dugu.

Guk lanean egutegi digitala erabiltzen dugu, bi pertsona sinkronizatzeko ezinbestekoa dela iruditzen zaigulako. Egutegi digital ugari topatuko dituzu sarean, baina, erabiltzen duzun email hornitzailearena erabiltzea izango da zentzuzkoena. Izan ere, emailera egunero sartzen zara, eta ondoko orritxo batean, egutegia izateak lan-mahaia edo lan-gunea dena leku bera izaten laguntzen du.

Egutegia nola erabili?

  1. Email hornitzaileko egutegia erabili: Thunderbird, Outlook, Gmail… izan daiteke.
  2. Hilabetean errepikatzen diren zereginak jarri: urte osoan zehar. Adibidez: gastu eta sarreren zerrenda egin, zergen eranskinak bete, hilabeteko sare sozialetako komunikazioak programatu…
  3. Astea hartu, eta egun bakoitzeko zeregin nagusia finkatu: pentsatzeko gaiak, lanketa eskatzen duten proiektuak…
  4. Astean zehar bete beharreko zeregin urgenteak finkatu: kolore bizi bat eman, urgentzia adierazteko.
  5. Astean zehar bete beharreko zeregin txikiak finkatu: txikiak izanagatik, ez ahaztu horietaz.
  6. Berdez jartzen joan egunean egin dituzun zereginak. Egunean egin ahal izan ez dituzunak, hurrengo egunera edo egunetara eraman.

Zereginak zeintzuk izan daitezke?

Denak edo gehienak. Hau da:

  • X bezeroarentzat aurrekontua prestatu
  • Hornitzaileekin harremana egin aurrekontu berria eskatzeko
  • Azken begirada eman X lanari eta entregatu
  • Lantokia txukundu
  • Lan komertziala egin
  • Faktura egin eta bidali X bezeroari
  • Kontabilitatea eguneratu
  • Sare sozialetarako argazkiak atera
  • Hurrengo hilabeteko komunikazioak pentsatu eta programatu

Buruan darabilkigun guztia agendara edo egutegira bolkatu behar genuke. Buruan edukitzeak burua kargatzea dakar, eta egutegian finkatzeak, berriz, ez ahaztutzea. Horregatik, eguneroko lan-tresna bat bilakatu behar da egutegia, eta zeregin berri bat agertzen den momentuan (X bezerori deitu X gai argitzeko) egutegian jarri behar genuke. Nahiz eta gaurko izan lan hori. Idatzi. Eta ondoren, jarraipena egin (X bezeroarekin hitz egin ondoren agertutako zeregin berriak jarriz egutegian, adibidez).

Kontuan izan bilerek eraginkorrak izan behar dutela: beharrezkoak direnean jartzea komeni dela, eta dagokien ordutegia izan behar dutela. Hau da, bilera bakoitzak helburu nagusi bati erantzun behar dio, eta ordubete baino gehiagoko bilerek eraginkortasuna galtzen dutenez, neurtu egin behar da denbora.

Beraz, egutegia nola bete jakinda, zeregin nagusiak, urgenteak eta berehalakoak zentzuz antolatzea bakarrik faltako zaigu hemendik aurrera!

Egutegia nola erabili?