Aurrez ere hitz egina dugu hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteaz, eta zenbait gako ere eskaini genituen erabilera horretaz jabetu eta eraldatzeko.

Gaurkoan kokatzearen gainean murgildu nahi dugu, hau da, gakoak ezagututa goazen eraldaketan sakontzera. Eta lanketa horretan, zer hobeto gaian hausnarketa sakonak egin dituzten adituen iritziak ezagutzea baino.

Gustu handiz entzun eta gureganatu ditugu BERRIA taldeko Ezer ez eta festa podcasteko edukiak, eta gaurko honetan, pilula moduan lehen denboraldiko hirugarren atala elkarbanatzen dugu: Despistatuon sexua izenekoa.

Lan-munduan euskaraz aritzen garenok erreferentzia ezberdinak izaten ditugu gure eguneroko lanean hautu bat ala bestea egiteko. Norberaren kode deontologikoa ez da ekiten den jarduera guztietan hausnartzen, baina, inplizituko bada ere guztiok ditugu balioak zehaztuta. Baina, zehazten denean, egia da, sakondu egiten dela balio etikoetan, eta are gehiago, kokatu egiten gaitu horien gainean.

Horrela bada, gaurkoan bi baliabide elkargurutzatu nahi izan ditugu, batetik, hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko hausnarketa eta, bestetik, balio etikoak edo kode deontologikoa osatzeko proposamena. Ondorioz, ekintzaileen balio etikoetan, ikuskera feminista txertatzeko proposamena egiten dugu, bi gaiak uztartuz.

Izan ere, jarrera matxistak errotuta dituen gizartean bizi gara, eta ondorioz, ezin da beste alde batera begiratzen jarraitu. Jarrera horiek desagerrarazteko urratsak eman behar ditugu, eta horretarako, ezinbestekoa da kokatze ideologiko bat egitea mundu ikuskeran.

Ekintzaile moduan zein dira gure balio etikoak? Euskara, feminismoa, ekologia, egiazkotasuna, zaintza, ongizate soziala, gertutasuna…

Pentsa dezagun sakon balio etikoetan, nola kokatu nahi dugun horietako bakoitzean, eta horietako bakoitza nola kokatu nahi dugun gure proiektuan. Beharrezkoa da momentu honi denbora eskaintzea, ondoren emango diren urratsek norabide jakina izango baitute, eta urrats bakoitzarekin indartuko baitugu gure proiektu etikoa.

 

Hizkuntzaren erabilera ez sexista egiteko pilula