Sare sozialen kudeaketa optimoaz hitz egiteko beharra sortzen zaigu, esperientziak erakutsi digulako denbora asko pasa daitekeela ezer handirik egin gabe. Gaur gaurkoz, horretarako sortutako mekanismoak baitituzte sare sozial esanguratsuenek. Scroll deritzona, algoritmo interesatuak denbora guztian zure intereseko bakarrik izan daitezkeen edukiak erakustea, ordainpeko publizitate ez aukeratua eskaintzea…
Beraz, argi dago, Sare sozialen kudeaketa optimoa egin beharra dagoela. Izan ere, askorentzat erreferentziazko gune bilakatu dira negozioen edo jardueren berri izateko. Baina, guk, jarduera baten jabe garenok, ezin dugu denbora alferrik galdu, urrezkoa baita egunaren minutu bakoitza.
Zein Sare sozialetan egon?
Galdera honi erantzutea ez da erraza, norberak neurtu behar duelako bere publiko hartzaile potentziala non egon daitekeen. Gure gomendio xumea da ez erotzea plataforma askotan. Nahikoa izan daiteke batean egotea, edota bitan, edukiak modu antzeratsuan zabaldu baditzakegu. Hau da, negozio txikion jabeoi ez zaigu errentagarri egiten 4 sare sozial edo gehiagotan egotea. Beraz, batean egonda ere, ongi eginez gero komunikazio lana, irudi bikaina eman daiteke. Hori baita azken finean, sare sozialen bitartez gu behatzera sartzen diren bezero edo pertsonen nahia: zer egiten dugun jakitea, nola, eta zein inpresio ematen diogun (iruditegiarekin, egindako lanekin, zabaltzen diren mezuekin…).
Zenbatetan sartu sare sozialetara?
Lehen esan bezala, denbora asko pasa daiteke sare sozialetan eta denboraren gehiena ez da eraginkorra izaten. Horregatik, gure gomendioa da hilean behin edo bitan sortzea eduki propioak zure sareetan. Horretarako, plangintza bat egin behar duzu, urteko ikuspegia duena, baina, hilero zabaldu nahi dituzun edukien berri jartzeko tartea ere izango duena. Nolabaiteko kronograma bat, alegia.
Sare sozialen kudeaketa optimoa egiteko tresna:
Zalantzarik gabe, urteko ikuspegia duen excel formatuko kronograma bat da sare sozialen kudeaketa optimoa egiteko tresna egokiena. Gure ordenagailuan bertan egin dezakeguna. Ezkerrean argitataratuko ditugun edukien izenburuak eta formatuak zehaztuko dituguna, eta eskuinean, hilabetea eta data zehatza jarriko duguna.

Honekin zer lortzen dugu? Hilean behin, hiruhilean behin edo urtean behin jartzea edukien sorrerarekin. Programatzean dago sare sozialen gako nagusia, eta ez erortzea eguneroko inprobisazioan. Ongi prestatzea argitaratzen diren edukiak: iruditegia zainduz, mezua ongi idatziz eta pentsatuz, garaiari egokitutako post-a landuz, etab.
Hobeto da gutxi baina ongi, asko eta erdizka baino.
Behin edukiak kronograman pentsatzen ditugunean, ondoren, eduki horiek sortzeko tartea hartu behar dugu. Eta hori, gure egutegian txertatu behar dugu. Eduki motaren arabera, denbora gehiago ala gutxiago eskaini beharko diogu, baina, egutegian txertatzen badugu, dagokion denbora eskaini ahal izango diogu. Ez badugu kalendarizatzen, ez da gure lehentasunen artean sartuko.
Edukia prestatzean, argitaratu daiteke (baldin eta plangintzako argitalpen eguna iritsi bada). Edota, edukiak pilatzen joan gaitezke, eta ondoren, dagokion egunean argitaratzeko agindua eman. Agindu hori modu ezberdinetara eman daiteke: webgunea badugu, blog estiloko sarrerak programatu daitezke. Sare sozial batzuk ere programatzeko aukera eskaintzen dute. Eta bestea da, gure egutegian jar genezakeela egun eta ordu konkretu batean argitaratu behar ditugula dagoeneko prest ditugun edukiak.
Ez galdu denbora gehiago sare sozialetan, eta benetan beharrezkoa denerako bakarrik erabili: kalitatezko komunikazioa egiteko, alegia. Bestetik, noizean behin sartu gintezke, gure intereseko hornitzaileak edo bezero potentzialak bilatzeko, noski. Baina, neurtu presentzia digitala, jabetuko zinen moduan, ez baita eraginkorra izaten normalean.
Ondo izan!
